Saskibaloiaren eguna izan zen zapatukoa ISBrentzat. Aspaldiko partez, bi taldeek etxean, eta biek Azkoitiko Elkargunean jokatu zuten, eta jaiegunak tarteko, larunbatez aritu ziren otsoak. Zapatu biribila desio zuten bi taldeek, bi garaipen lortzea, alegia. Ordea, gizonek bakarrik lortu zuten; Biele ISB taldeak 89-61 hartu zuen mendean Cultural y Deportiva Leonesa taldea, eta emakumeek 52-60 galdu zuten Oses Construccion taldearen aurka.
Gizonek emaitzak erakusten duena baino lan gehiago eginda lortu zuen denboraldiko zortzigarren garaipena. Hotz, edo gutxienez, epel ekin zion lehiari etxeko taldeak. Aurreneko minutuetan Leongo (Espainia) taldeak erabaki onak hartu zituen saskira begira, eta aurpegi serioa erakutsi zuen defentsan. Dena den, otsoek erasoko bigarren aukerak baliatu zituzten puntuak batzeko, bereziki erasoan pilatutako erreboteen osteko jokaldiak. ISB bigarren laurdenean hasi zen martxa hartzen, baina bisitariek Iñigo Nuñezenen erritmoari eusten asmatu zuten, eta hala, atsedenaldira 37-34 emaitzarekin jo zuten bi taldeek.
Gauzak goitik behera aldatu ziren bigarren zatian ISBren mesederako. Aurreneko hiru minutuetan intentsitate puntu bat gehiago erakutsi zuen Nuñezen taldeak, eta modu horretan, 14-2 partziala lortu zuen, markagailuan ihes eginez. Partida hautsi zuten otsoek, eta hausteko eman zuten kolpe horretan bertan desagertu zen Leongo taldea; 30 puntu saskiratu zituen etxeko taldeak, eta hamahiru baino ez kanpokoak. ISB gehiago izan zen kantxaren bi aldeetan, indartsuagoa eta oldarkorragoa, eta Leongoak ez ziren gai izan horri erantzuteko. Partida erabakita utzi zuen ISBk azken laurdena jokatzerako, eta azken laurdena tramite hutsa izan zen. Nuñezenek beren jokoari eutsi zioten, eta distira egin zuten berriz ere kantxan. 28 punturaino ihes egin zuten otsoek, eta azkenean, alde horri eutsita lortu zuten irabaztea.
Ierai Aizpitarte azpeitiarra izan zen taldeko onena; 22 puntu saskiratu zituen joko antolatzaileak, eta guztira, hogei puntuko balorazioa lortu zuen. Sailkapeneko bigarren postuan da Biele ISB, baina, orain, Coto Cordoba taldearekin berdinduta; izan ere, Cordobako (Espainia) taldeak sasoiko lehen partida galdu du igaro berri den asteburuan.
Aste honetan bi jardunaldiko astea izango du Biele ISBk, eta ez edonolakoa, sailkapeneko hirugarrenaren eta laugarrenaren aurka aritu beharko du-eta taldeak, hurrenez hurren. Asteazkenean, hilak 10, Leongo Clinica Ponferrada SDP talderi egingo dio bisita ISBk; Lydia Valentin pabiloian jokatuko dute otsoek, 20:15ean hasita. Datorren igandean, berriz, Insolac Caja 87 laugarren sailkatua jasoko du Azkoiti-Azpeitiko taldeak, Azpeitiko kiroldegian (18:00).
Hutsarteek eten dute
Domusa Teknik ISBk, bestalde, Zizur Nagusiko (Nafarroa) Oses Construccion taldearen bisita jaso zuen zapatuan, Azkoitian. 52-60 galdu zuten Luis Agirre Katxi-renek sailkapeneko laugarren sailkatuaren aurka. Etxeko taldeak lehen saskiratzeen bitartez markagailuan aurrea hartu bazuen ere, Zizur Nagusikoek sendotasuna erakutsi zuten ondorengo minutuetan kantxan, eta laster irauli zuten markagailua.
Bigarren laurdenean Nafarroakoen jokoa trabatzeko asmoz kantxaratu ziren otsoak, eta uztaipean lortu zuten haiek min egitea, Skylar Van pibotaren eskutik; 7-0 partzial bati esker lehia orekatzeko gai izan zen ISB. Bisitarien entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen orduan, eta eten hark onerako eragin zuen Zizur Nagusikoengan. Aldiz, erasoko zirrikitu onenak itxi zitzaizkion orduan ISBri; hamabi puntu atzetik amaitu zuen ISBk lehen zatia (21-33).
Ordea, lehia garesti saldu nahi izan zion ISBk Oses Construccion taldeari, eta etxekoak defentsako lan ona eginda saiatu ziren berriro aurkariak itotzen. Berriz ere barrualdeko jokoan eragin nahi izan zuen ISBk, eta zailtasun handiak sortu zizkion Nafarroako taldeari. Gainera, Domusa Teknik ISBk erasoko jokaldi onak sortu zituen. Dena den, ez zuen asmatu haiei behar bezalako amaierarik ematen; hirugarren laurdenaren amaieran zazpi puntura hurbildu baziren ere, ez zuten merezi adinako saririk lortu.
Bisitariei dezente kostatu zitzaien saskiratzeak pilatzea, eta aldiz, Katxirenak hiruko jaurtiketen bitartez ahalegindu ziren bisitarien ezina areagotzen. Une batez estu eta larri jarri zituzten Azkoiti-Azpeitikoek kanpokoak, baina haien entrenatzaileak eskatutako beste hutsarteak eten zuen otsoen joko ona; 0-8 partziala lortu zuten segidan Zizur Nagusikoek lehia guztiz erabakiz.
Van izan zen taldeko saskiratzaile onena, baina zenbakirik onenak Jone Azkuek lortu zituen, hamahiru puntuko balorazioa eskuratu baitzuen hark. Datorren zapatuan jokatuko du Domusa Teknik ISBk denboraldiko hamabigarren jardunaldiko partida: Celta Femxa Zorka taldea izango dute arerio otsoek, Vigoko (Galizia) Navia pabiloian (19:00).
