Bingen Aranbarri eta Ane Bosch, 23 eta 16 urtez azpikoetan Gipuzkoako txapeldun

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 8a

Bingen Aranbarri 23 urtez azpiko gizonen podiumeko lehen postuan. (Goierri.hitza.eus)

Azkoitia-Azpeitia Xeye atletismo taldeko korrikalariek emaitza bikainak izan dituzte Gipuzkoako Kros Txapelketan. Aranbarrik 23 urtez azpikoa irabazteaz gainera, absolutuen mailan bigarren egin du. Taldeka, berriz, Xeyekoek lehen postua lortu dute 16 urtez azpiko mutiletan, hirugarrena 16 urtez azpiko nesketan eta bigarrena infantil emakumeetan.

Gipuzkoako Kros Txapelketa jokatu zen atzo, igandea, Ordiziko Oiangun. Txindoki Krosaren barruan jokatu zen txapelketa, eta Azkoitia-Azpeitia Xeye atletismo taldeko atletek emaitza bikainak lortu zituzten. Bingen Aranbarrik absolutuen mailan bigarren egin zuen, Julen Teran irabazlearen atzetik helmugaratuta. Azkoitiarrak, baina, 23 urtez azpikoen txapela irabazi zuen. Ane Bosch azkoitiarra ere txapela eskuratuta itzuli zen etxera, 16 urtez azpiko master emakumeetan garaipena lortuta.


Xeyeko taldea –Ane Bosch, Ane Arregi eta Laia Urrestilla– Gipuzkoako Kros Txapelketako 16 urtez azpiko emakumeen hirugarren postuan. (Goierri.hitza.eus)

Taldeka ere Gipuzkoako Kros Txapelketan emaitza onak izan zituzten atzo. 16 urtez azpiko gizonetan lehen postua eskuratu zuen Julen Zialtzetak, Jakes Zubizarretak eta Oier Arrizabalagak osatutako taldeak. 16 urtez azpiko emakumeetan, berriz, hirugarren gelditu zen Ane Boschek, Ane Arregik eta Laia Urrestillak osatutako taldea. Bigarren egin zuen Xeyeko taldeak infantil emakumeetan; talde hori Alaia Zubizarretak, Maite Arregik, Elene Albarez de Arkaiak eta Mirai Oleak osatu zuten.


Xeyeko infantil emakumeen taldea Gipuzkoako Kros Txapelketako bigarren postuan. (Goierri.hitza.eus)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide