49 odol emaile omenduko ditu aurten Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak. Herritar horiek, denera, 1.920 odol poltsa eman dituztela nabarmendu du elkarteak. Aitortza egiteko eta esker onak emateko ekitaldia datorren ostiralean, abenduaren 12an, izango da 19:45ean, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.
Omenduko dituzten Azkoitiko odol emaileen artean honako aitortzak jasoko dituzte: 25 aldiz odola eman duten 31 pertsonak jasoko dute aitortza; 40 aldiz odola emandako lau emakumek; 50 aldiz emandako lau gizonezkok; 60 aldiz odola emandako emakume batek; 75 alditan emandako zazpi gizonek; eta ehun aldiz emandako bi gizonek.
Aurten, denera, hamazazpi odol ateraldi egin ditu Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak, horietatik hamahiru arratsaldez izan dira eta gainontzeko lauak goizez eta arratsaldez. Orain arteko egindako hamasei ateraldietan 1.545 odol eta plasma poltsa eman dituzte emaileek.
Aurten, Azkoitian 53 odol emaile berri egin direla ere azpimarratu du elkarteak.
2026 urterako egutegiaren berri ere eman du, eta datorren urterako ere hamazazpi egunetarako jarri du odol ateraldirako hitzordua. Horietatik lau saio goizez eta arratsaldez izango dira, eta gainontzekoak, arratsaldez bakarrik. Honako loturan eskuratu daiteke 2026ko odol ateraldien egutegia.