Enara Lanzeta dantza eskolakoek ikuskizuna eskainiko dute zapatuan, Berdura Plazan

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 4a

Dantza eskolakoak, eskolan. (Enara Lanzeta dantza eskola)

19:00etan hasiko da emanaldia Berdura Plazan, eta herritarrentzako irekia eta doakoa izango da. Askotariko dantzak eskainiko dituzte 25 bat lagunek. 

Enara Lanzeta dantza eskolakoek dantza ikuskizun bat eskainiko dute etzi, zapatua, Berdura Plazan. Aurten zabaldu ditu ateak dantza eskola horrek, eta bertako kide diren ikasleek aurreneko emanaldia eskainiko dute jendaurrean, 19:00etan hasita.

Eskolako haurrek eta helduek parte hartuko dute emanaldian, guztira, hogei bat umek eta bost bat helduk. Horiek askotariko dantzak aurkeztuko dituzte jendaurrean; dantza latindarrak, komertzialak, fusioak, zumba girokoak...

Antolatzaileek azaldu dute emanaldia "motza eta dinamikoa" izango dela, ordubete azpikoa. "Ilusio handiarekin prestatutako lana aurkeztuko dugu. Guztion artean giro berezia sortzen ahaleginduko gara; saiatuko gara denen gustukoa izaten", esan dute eskolakoek. Ikuskizuna ikusteko sarrera irekia eta doakoa izango da herritar ororentzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide