'Nuremberg', 'Aro berria' eta 'Tigre galdua' filmak, Baztartxoko hurrengoak

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 10a

'Aro berria' filmaren irudietako bat. ('Aro berria')

Zapatutik asteartera bitartean emango dituzte hiru filmak. Nuremberg filma zapatuan, igandean eta astelehenean emango dute; haurrentzako Tigre galdua filma igandean ikusi ahal izango da; eta Aro berria filma asteartean eskainiko dute.

Nuremberg, Aro berria eta Tigre galdua filmak emango dituzte datozen egunetan, Baztartxo antzokian. Nuremberg filma zapatuko eta igandeko19:30ean, eta astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etan emango dute. Dena den, asteartean, 20:00etan, helduentzako beste film bat ere emango dute: Aro berria; Zinetogram taldeak antolatutako zineforum saioa egingo dute film horrekin. Haurrentzako hitzordua izango da aste honetan; Tigre galdua filma igandeko 17:00etan emango dute.

Nuremberg filmak gerra kontuak ditu hizpide, zehazki, II. Mundu Gerra amaitu eta nazien erregimenaren aurka Nurembergen egindako epaiketen garaikoak. Douglas Kelley psikiatra estatubatuarrak erabaki beharko du preso ofizial naziak beren gerra krimenengatik epaituak izateko gai diren ala ez. Hitlerren laguna den Hermann Goringekin topo egitean, ordea, azkartasunez jokatu beharreko Kelleyk.

Aro berria filmak, berriz, Donostiako ur-kontagailuen fabrika bateko langileen istorioak ditu hizpide. Beharginak batzar batean bilduko dira greba egin ala ez eztabaidatzeko, baina, azkenean, ezezkoa erabakiko dute. Atsekabetuta, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratuko dituzte gizartea eraldatzeko asmoak; horietako batzuk mendiko komunitate isolatu batera joko dute fabrika utzi eta gero. Esperientzia berezi batean murgilduko dira horiek guztiak. 

Haurrentzako Tigre galdua filmak, bestalde, kanguru borrokalari ibiltarien familia zalapartatsu batek adoptatu zuen Teo tigreaz hitz egingo du. Teok bizimodu bikaina du, baina lurralde ezezagun baten irudipenak izan ondoren, abentura epiko batean murgildu behar duela konturatuko da, bere herentziarekin konektatzeko eta jaioterria suntsipenaren atzaparretatik salbatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide