Martuteneko presoentzako material bilketa egingo du Espetxe Pastoraltzak

Andoni Elduaien

Martuteneko espetxea. (Irekia)

Andre Mariaren Jasokundeko parrokiaren Kantzelean bilduko dute materiala datorren asteartetik ostiralera bitartean. Martuteneko presoei bideratuko dizkiete bildutako lehengaiak.

Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelan dauden presoentzako material bilketa egingo du datorren astean Azkoitiko Parrokiako Espetxe Pastoraltzak. Itxaropenetik askatasunerantz elkarrekin izeneko Gabonetako kanpainaren barruan egingo du bilketa taldeak datorren asteartetik ostiralera bitartean, hilaren 9tik 12ra, zehazki. Andre Mariaren Jasokundeko parrokiaren Kantzelean bilduko dute material guztia, 10:00etatik 12:00etara.

Aurreko urteetan bezala, talde horretako kideek presoentzako askotariko lehengaiak eskatu dituzte: gizonentzako barruko arropa berria –kamisetak eta galtzontziloak–; gizonentzako txandal erako galtzak, kamisetak eta kirol jertseak; bainuko txankletak nahiz kirol oinetakoak; turroi biguna; tabako gorria eta metxeroak; A motako seiluak, gutun-azalak eta boligrafoak; eta azazkalak mozteko gailu txikiak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide