Etzi, osteguna, osasun arloko hainbat adituren hitzaldia izango da Elkarguneko Oteiza aretoan. Felix Urkizu kinesiologoak, Marian Ortiz farmazialariak eta Txus Gomez nahiz Mireia Leiaristi osteopatek eskainiko dute saioa han, 18:30ean hasita.
Antolatzaileek azaldu dute, etziko saioan "osasun puzzlean falta zaien pieza" zein den ezagutzeko aukera eskainiko dutela. "Askotan uste izaten dugu osasunaren inguruan dena dakigula. Hala ere, zenbait osasun arazo gainditzea ez da beti erraza izaten. Elikadura zaintzen dugu, kirola egiten dugu, hainbat terapeuta bisitatzen ditugu… baina sarritan ez da nahikoa izaten", esan dute.
Osasun arloko profesionalei, osasun erronkaren bat duten pertsonei, menopausian edo aldaketa garaian daudenei, nahi bezain ondo sentitzen ez direnei, eta oro har, ongizatea interesatzen zaienei zuzendutako azalpenak emango dituzte adituek Elkargunean.