Akelarre taldeari eta Lurdes Iriondori buruzko dokumentalak emango dituzte Baztartxon

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 3a

Akelarre: marearen kontra dokumentalaren irudietako bat. (Akelarre)

Zapatuan eta igandean Akelarre musika taldearen ibilbidea laburbiltzen duen dokumentala eskainiko dute Baztartxon, eta astelehenean, Lurdes Iriondo abeslariarena. Haurrentzako film emanaldia ere izango da, ordea, igandean.

Helduentzako bi euskal dokumental eta haurrentzako film bat emango dituzte datozen egunetan, Baztartxo antzokian. Zapatuan eta igandean, Akelarre marearen kontra dokumentala emango dute, 19:30ean hasita. Astelehenean, berriz, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala ikusi ahal izango da, 20:00etan hasita. Umeek, bestalde, Olivia y el terremoto invisible filma izango dute aukeran; igandeko 17:00etan ikusi ahal izango da film hori. 

Akelarre: marearen kontra dokumentalak Akelarre musika taldeak eta bere jarraitzaileek musikarekiko duten pasioa uztartzen ditu. Agertokien gainean igarotako 30 urte baino gehiagoko etapari amaiera emango dio taldeak bere musika ibilbide oparoaren jatorria eta unerik adierazgarrienak errepasatzen dituen dokumentalarekin.

Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak, berriz, abeslari horren bizitzaren errepasoa egingo du. Dokumentalak erakutsiko du Iriondo, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea ere badela. Transmisioarentzat haurrak ezinbesteko zirela ulertu zuen hark, eta haientzat idatzi zituen liburuak eta antzerkiak.

Haurrek, berriz, Oliviaren bizimodua azalduko du; Olivia bere anaia Tim eta ama Ingrid etxetik kanporatuko dituzte, eta hirurek beste auzo batean berrekingo diote bizimoduari. Egoerari aurre egiteko Ingridek ahaleginak eta bi egingo dituen bitartean, Oliviak fantasia bat asmatuko du bere anaia eta biak salbatzeko: bizitzen ari diren guztia ez da erreala, film bat sortzen ari dira. Asmakizun horrek espero gabeko eraginak izango ditu; izan ere, beste familia bat jarriko da haien alboan bizitzen, eta haiekin abentura handiak biziko dituzte. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide