Bihar, asteartea, itxiko du Azkoitiko Euskara Mahaiak Durangoko Azokara joateko autobuserako izen ematea. Datorren ostiralean zabalduko dute Durangoko (Bizkaia) Landako Gunean euskal liburu eta disko azoka, eta zapatuan, hilaren 6an, hara joan-etorria egiteko autobus zerbitzua antolatu dute Azkoititik.
10:00etan abiatuko dira Durangora Julio Urkixo etorbideko 7 zenbakiko geralekutik, eta hara joaten direnek 17:30ean izango dute itzulerako ordua. Sei euroko kostua izango du joan-etorriak, eta autobusean bertan ordaindu beharko da.
Izena emateko, herritarrek galdetegi hau bete beharko dute. Bestalde, inork zalantzarik badu, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora edo 675 85 77 11 telefono zenbakira mezua idatz dezake.
Askotariko ekintzak izango dira zapatuan azokan: musika emanaldiak, liburu eta disko aurkezpenak... Honako lotura honetan kontsultatu daiteke egitaraua.