Hiruna puntu batu dituzte Anaitasunaren lehen taldeek

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 1a

Ander Pastrian izan zen golegileetako bat. (Anaitasuna)

Gizonek sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen dute, zapatuan Beasain B taldeari 2-1 irabazi eta gero. Emakumeek, berriz, sasoi honetako etxetik kanpoko lehen garaipena eskuratu zuten atzo arratsaldean, Erandion. 

Anaitasuna futbol taldearen talde nagusiek irabazi egin dute asteburuan. Gizonen taldeak Beasain B taldea hartu zuen mendean zapatuan, Txerloian 2-1 irabazi baitzuten Loren Barbadoren gizonek. Emakumeen taldeak, berriz, etxetik kanpoko aurreneko garaipena lortu zuten atzo; 0-1 nagusitu ziren Erandion (Bizkaia).

Neurketa ona osatu zuten Loren Barbadoren gizonek etxean. Landutakoa eta prestatutakoa ondo atera zitzaien gorritxoei, Beasaingoek proposatutako presio estua gainditzen asmatu zuten-eta Anaitasunakoek. Era horretan min dezente egin zieten etxekoek kanpokoei, eta atzeko lerrotik hasitako jokaldi bat ezin hobeto amaituta hartu zuen aurrea Anaitasunak; Jon Peña aurrelari azpeitiarrak egin zuen gorritxoentzako lehen gola, laugarren minutuan. 

Markagailuan Anaitasuna aurretik izanda ere, ezer gutxi aldatu zen Txerloian. Nagusi izaten jarraitzen zuten Azkoitikoek, eta atsedenaldira jo aurretik beste golen bat egiteko aukerak ere sortu zituzten; gola lortu ere lortu zuten etxekoek, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen Peñak lortutakoa, jokoz kanpoko posizioan zegoela argudiatuta. Epailea okertu egin zen, ordea, azpeitiarrak egindako gola legezkoa baitzen. Kontuak kontu, gol bakar bateko aldearekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatian ere nagusi izan zen Anaitasuna berdegunean. Partida ebaztea, baina, kostatu egin zitzaion taldeari. Gol aukera asko sortu bai, baina baloia sareetara bidaltzea lan nekeza suertatu zitzaion taldeari; Julen Aramendik langara ere bidali zuen baloia. Lehia orekatu egin zuen ondorengo minutuetan, eta une batzuetan egokitu zitzaien Anaitasunakoei baloirik gabe lan egitea ere. Dena den, amaierarako ordu laurdena falta zela bikoiztu zuen aldea Anaitasunak; 74. minutuan egin zuen Ander Pastrian aurrelariak gorritxoen bi eta hutsekoa, Aramendiren pasea bikain baliatuta. 

Amaierarako minutu gutxiren falta lortu zuten Beasaingoek beren gola; 85. minutuan egin zuten gola bisitariek inork gutxik esperotako jokaldi batean, eta azken minutuetara begira lehia estu jarri zuten. Dena den, Anaitasunak lehia aurrera ateratzeko gaitasuna eta indarra erakutsi zituen azken minutuetan. Beasainek ez zuen binakoa lortzeko aukerarik sortu; aldiz, Anaitasunak bai hirugarren gola egitekoa.

Garrantzia handiko hiru puntu pilatu zituen Anaitasunak zaleen aurrean. Gizonen taldeak bigarren postuari eusten dio, eta gainera, aurreko astean baino gertuago du orain Real Union sailkapen burua, nahiz eta oraindik urrun duten. Irungoek (Gipuzkoa) hutsean berdindu zuten etxean Bergararekin. Orain, zazpi puntukoa da Real Unionen eta Anaitasunaren arteko aldea; 31 puntu ditu Real Unionek, eta 24 puntu, Anaitasunak. Datorren zapatuan, 12:00etan, Zumaiako Aita Mari zelaian jokatuko du Barbadok zuzendutako taldeak.

Etxetik kanpoko lehena

Emakumeen taldeak, bestalde, Erandion jokatu zuen atzo, igandea, arratsaldean. Gorritxoek San Andres egunez eskuratu zuten denboraldi honetako aurreneko garaipena etxetik kanpo. Anaitasunak 0-1 irabazi zion Erandioko Betiko Neskak taldeari.

Jarrera onarekin zelairatu zen Anaitasuna, lanerako gogoz; zelaian ondo kokatuta, hegaletatik egin zuen min Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearen taldeak. Arette Egigurenek izan zuen gorritxoen aurreneko gol aukera; taldekideek Erandiokoen azken atzelarien bizkarrera jokatu zuten baloia, eta Egiguren atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen; dena dela, aurrelariak ez zuen ate aurrean asmatu. Antzerako beste jokaldi bat osatu zuen taldeak gero, eta Kalare Olaizolak egindako mugimendu ona baliatuz, hura atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen. Etxekoen atezaina aurreratu zela ikusita, baloia haren gainetik jaurtitzen saiatu zen Olaizola, baina jokaldia ez zitzaion nahi bezala atera, eta atetik kanpora joan zitzaion baloia. 

Erasoan txukun, eta defentsan sendo zegoen Anaitasuna; etxekoen erasoko jokaldi guztiak eteten zituzten gorritxoek. Atsedenaldira aurretik joateko moduko lana egin zuen taldeak, eta 37. minutuan lortu zuen saria: baloia aurkariaren arearaino eraman eta gero, Maria Juaristi aurrelariak etxekoen aldaratze kaskar bat baliatu zuen huts eta batekoaren gola egiteko. Markagailuan aurretik eta konfiantzaz beteta amaitu zuten gorritxoek lehen zatia. 

Bigarren zatian gehiago sufritzea egokitu zitzaion Anaitasunari, jokoaren ekimena Erandioko taldearena izan zen eta. Berdinketaren bila, asko bultzatu zuten bizkaitarrek, baina gorritxoen lana aparta izan zen. Aulkitik zelairatutako jokalariek, gainera, freskotasuna eman zioten taldeari, eta denen artean garaipena ixten asmatu zuten; Erandiokoen erasoak behin eta berriz urrundu zituzten gorritxoek. Gainera, huts eta bikoa egiteko abagune bat ere izan zuen Anaitasunak.

Partida eta aurkari gogor baten aurrean aparteko itxura eman zuten gorritxoek. Garaipena lortuta, sailkapeneko zortzigarren postuan da orain Anaitasuna, hamabost punturekin. Datorren zapatuan, abenduak 6, Zarautzen aurka jokatuko dute Oruerenek, Txerloian (10:00); Zarautz sailkapeneko azkena da gaur-gaurkoz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide