Azkoitian jokatuko dute Ados Pilotaren lau eta erdiko txapelketaren azken fasea

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 3a

Txapelketan parte hartzen ari diren hainbat pilotari, aurkezpen egunean. (Ados Pilota)

Txapelketaren aurreneko fasea Olaberrian (Gipuzkoa) jokatu eta gero, datozen hiru asteburuetan Azkoitiko Gurea pilotalekuan arituko dira elkarte horretako pilotariak deman. Final laurdenetako, finalerdietako eta finaleko partidak jokatuko dituzte Gurean. Zapatuan, 17:00etan hasita jokatuko dituzte final laurdenetako lau lehiak.

Ados Pilota elkartea aurrenekoz ari da jokatzen aurten lau eta erdiko txapelketa. Urriaren amaieran ekin zioten lehiari elkarte horretako pilotariek, eta abenduaren 20an, larunbatez, Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko den finalarekin amaituko dute txapelketa. Dena den, finaleko partida ez da izango Azkoitiko frontoi horretan jokatuko duten lehia bakarra; izan ere, final laurdenetako eta finalerdietako partidak ere Gurean izango dira. 

Olaberrian (Gipuzkoa) jokatu dute txapelketaren aurreneko fasea. Guztira, zortzi pilotarik parte hartu dute lehian bi multzotan banatuta: A multzoan, Iturriaga, Larramendi, Aranburu eta Orbegozo aritu dira lehian, eta B multzoan, Agirre, Barrokal, Mujika eta Arrastia. Multzokako fasea jokatu dute Olaberrian, eta bi multzoetako lau pilotariek elkarren aurka aritu behar izan dute.

Multzo bakoitzeko aurreneko hiru pilotariek lortu dute datorren larunbatean, abenduak 6, Gurea pilotalekuan lehiatuko dituzten final laurdenetara sailkatzea. Sei pilotari horiei Mendiburu eta Oskoz batuko zaizkie orduan, azken bi horiek baitira Ados Pilotaren aurtengo San Fermin Torneoko lau eta erdiko bi finalistak. Hori hala, honako partida hauek jokatuko dituzte zapatuan, 17:00etan hasita, Gurean: Iturriaga-Agirre, Mendiburu-Larramendi, Oskoz-Mujika eta Barrokal-Aranburu.

Datorren zapatuko partidetatik aterako dira hurrengo asteburuko finalerdiak jokatuko dituzten lau pilotarien izenak. Azken egun horretako irabazleek, berriz, abenduaren 20an jokatuko dute final nagusia Gurean. Partida guztiak Ados Pilotaren Youtubeko kanalean ikus daitezke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide