Izarraitz Lanbide Heziketako ikasle talde baten proiektua saritu dute 'Ekonomia zirkularra modelatzen' erakusketan

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 28a

Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleak, gaur, Donostian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketako Hasierako Ikasketa Malgu eta Egokituko ikasleek egindako 'Desegiten ikasi' proiektua izan da sarituetako bat. Papera birrinduz, nahastuz eta forma berria emanez sortu dute haiek eskultura.

Izarraitz Lanbide Heziketako Hasierako Ikasketa Malguko eta Egokituko ikasleek egindako eskultura saritu dute gaur, ostirala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak sustatzen duen 'Ekonomia zirkularra modelatzen' erakusketan. Gipuzkoako lanbide heziketa ikastetxeetako ikasleek sortutako eskulturak bildu dituzte Donostian, eta Azkoitiko ikasle talde horren 'Desegiten ikasi' proiektua izan da sarituetako bat; 2.000 euro jaso dituzte haiek. 

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan egin dute erakusketa. Hori hala, ikasleek birziklatutako eta pieza artistiko bihurtutako materialetatik sortu dituzte beren eskulturak. Askotariko ikuspegiak erakutsi dituzte ikasleek eskulturen bidez, hala nola kontsumoari buruzko hausnarketa artistikoak eta naturaren zein industriaren arteko orekaren irudikapen sinbolikoak.

Izarraitz Lanbide Heziketakoek gurpil bat egin dute, esaterako, eskultura hezkuntzaren eta ekonomia zirkularraren sinbolo bihurtuz. "Etenik gabeko mugimendua adierazten du gurpilaren formak: hasierarik eta amaierarik gabeko prozesua, alegia, denok parte garela eta denok lekua dugula, hain zuzen. Gurpilak lau geruza ditu, gure zikloak lau urte irauten dituelako, eta urtero lanbide ezberdin bat lantzen dugulako. Geruzen koloreek Izarraitz Lanbide Heziketako koloreak irudikatzen dituzte, eta gure lema gogorarazten dute: 'guztiona guztiontzat'", azaldu dute ikasleek.

Papera birrinduz, nahastuz eta forma berria emanez sortu dute haiek eskultura. Material "xumeak" erabili dituzte proiektua ontzeko, baina "esanahi handikoak", haien aburuz. "Desegitea, berrerabiltzea eta aukera berriak sortzea; horixe da gure ikasketa prozesuaren funtsa: lanbide heziketan desegiten eta berriro eraikitzen ari den sistema baten parte gara, esperimentatuz eta ikasiz".

Eskulturaren bidez birziklapenaren balioa aldarrikatu nahi izan dute haiek, baita hezkuntza inklusiboaren balioa ere. "Ikasle guztiek dute ikasteko eta parte hartzeko eskubidea, bakoitzak bere erritmoan, bere indarguneekin eta bere zailtasunekin. Beraz, gure gurpila ekonomia zirkularraren sinboloa izateaz gain, hezkuntza zirkularraren sinboloa ere bada: ikaskuntza ez da inoiz amaitzen, beti berritzen eta partekatzen da".

Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleak, aldundiko ordezkariekin. (Izarraitz Lanbide Heziketa)

Eredu zirkularra helburu

Egitasmoaren helburua da eredu zirkular baterako trantsizioan hezkuntzak betetzen duen "funtsezko eginkizuna" ikusaraztea. "Eskuzko lanaren, esperimentazioaren eta berrikuntzaren bidez, gazteek erakusten dute posible dela hondakinei bigarren bizitza ematea eta balioa duten baliabide bihurtzea", azaldu du Jose Ignacio Asensio aldundiko Jasangarritasun diputatuak.

Ikasleen lana aintzatesteaz gain, egitasmoak hezkuntzara eta komunitatera begira duen balioa nabarmendu dute Donostian. Era berean, Asensiok balioa eman dio sormena, prestakuntza eta ingurumen kontzientzia uztartzen dituen proiektuan ikasleek eta irakasleek erakutsi duten inplikazioari: "Ekonomia zirkularra ikasgeletan hasten da. Eskultura bakoitzak martxan dagoen kultura aldaketa bat islatzen du: hondakinak aukeratzat hartzen dituen gazteena. Horrelako egitasmoek aukera ematen diete belaunaldi berriei ingurumeneko gaitasun teknikoak garatzeko. Trebetasun horiek ezinbestekoak izango dira beren etorkizun profesionalerako gero eta jasangarriagoak diren sektoreetan".

Ekonomia zirkularra "apustu estrategikoa" da aldundiarentzat "lurralde bidezkoago, berritzaileago eta erresilienteago" baterantz jotzeko. "Sektore horrek 10.000 enplegu inguru sortzen ditu egun, eta Barne Produktu Gordinaren (BPG) %10 inguruko ekarpena egiten du, enplegu berdearen eta ekoizpen modernizazioaren motor gisa finkatuz", esan dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide