Datorren asteazkenean Euskararen Nazioarteko Eguna izango da, eta euskararen aldeko aldarriak lau haizetara zabaltzeko asmoz, hainbat ekintza prestatu ditu Euskara Mahaiak eta hango kidetako bat den Udaleko Euskara Sailak.
Azken urteetan bezala, ikastetxeetako ikasleak zein irakasleak plazan elkartuko dira goizean, eta ekitaldia egingo dute han, 11:30ean hasita. Zehazki, Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga salestar ikastetxeko, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleak bilduko dira plazan, eta euskararen aldeko mezua zabalduko dute kantuen bidez zein trikitilariek lagunduta. Era berean, Ana Azkoitia alkateak harrera egingo die, eta ikasleetako batzuek Zahar eta gazte, jai eta aste, euskara aske! leloa duen pankarta bat zintzilikatuko dute udaletxeko balkoian.
Horrez gain, bingo musikatu saioa izango da aurten ere Elkargunean, Yogurinha Borovarekin eta Akrata Kristirekin. Iazko "arrakastaren" ondotik antolatu dute aurten ere bingo musikatu saioa, baina oraingo honetan, DBH3 eta DBH4ko ikasleak izango dira gonbidatuak. Haiek Elkargunean izango dute hitzordua, 11:00etatik 12:15era artean, eta 13:15etik 14:30era artean.
Berrikuntza moduan, Berdinki zirku garaikide konpainiaren Mikra zirku ikuskizuna izango da Berdura Plazan, 17:30ean, herritar orori zuzenduta. Amancay Gaztañagak eta Iraia Eliasek zuzenduta, akrobazia, antzerkia eta dantza uztartzen dituen saioa eskainiko dute Irati Gonzalezek eta Koldo Arakistainek.
Antolatzaileek ekintzetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak, Azkoitian ere euskarak "hegoak" behar dituelako, "arnasgune izaten jarraitzeko".