Azkoitiko Udalak eta Jaso Burue! taldeak antolatuta, bullyingaren inguruko hitzaldia eskaini zuen atzo, asteazkena, Iñaki Zubizarreta (Madril, 1972) adituak. Bullyingari aurre egin. Isiltasunaren legea hautsiz izenburupean, sakon aritu zen hura Elkarguneko Intsausti aretoan elkartu ziren gurasoen aurrean.
Eskola jazarpena eta ikasgeletako indarkeria hautematen nahiz prebenitzen aritzen da Zubizarreta. Dibulgatzailea eta aktibista da hura; izan ere, saskibaloi jokalari ohiak jazarpen basatia jasan zuen haurra zela eskolan: bere buruaz beste egiteko zorian egon zen, jipoituta koman...
Hain justu, bere esperientziatik abiapuntu hartuta, eman zituen hark atzo azalpenak. Dena den, bullyinga jasaten duten haurren egungo datuak eta beste zenbait xehetasun ere argitu zituen Zubizarretak. Antzeko egoera bizi duten haurrei laguntzea eta kontzientziatuz nahiz tresna egokiak erabiliz egoera horretatik atera daitekeela adieraztea da haren xedea.
