Azkoitiko Irakurle Taldeak Eider Rodriguez idazlearen Dena zulo bera zen liburua izango du hurrengo hitzorduan. Herenegun, asteartea, egin zuten azken saioa, eta hurrengoa, urtarrilaren 28an egitea adostu zuten. 19:00etan elkartuko dira egun horretan, Elkarguneko Oteiza aretoan.
Sute arrisku handieneko urte sasoia da kanikula, uda mina, eta hark ematen dio izena Rodriguezen bosgarren ipuin liburuaren sei istorioetan lehenari. "Nor zara?", galdetzen dio pertsonaietako batek besteari. "Ur asko eta beste elementu batzuk, zu bezala", erantzungo dio.
Zerua argi egon arren, arnasa hartzea hain erraza ez den paisaia bat hedatzen du Errenteriako (Gipuzkoa) idazleak Dena zulo bera zen liburuan. Edertasunaren eta heriotzaren igurtzi amaigabean, egia aitzurtu nahia da protagonista. Laguntasuna eta sentsualtasuna ageri dira, olatu artifizialak eta uharteak, doluen aurreko doluak, zorion moderatua, esku batzuek egin dezaketena, baina sekula egingo ez dutena. Inoiz baino gorputzago sentitzen den jendea, eta tarteka, inoiz baino hondakinago, zakarrak eta ametsak, biak, eguzkitara ateraz.