Salgai daude abenduaren 30ean, asteartez, Azkoitiko Gurea pilotalekuan pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketaren partidetarako sarrerak. Entradas Fronton atarian jarri dituzte salgai horiek; kantxako sarrerak 35 euroan salduko dituzte eta goiko solairukoak eta errebotekoak, 25 euroan. Dena den, egunean bertan ere salduko dituzte sarrerak leihatilan, baldin eta ordurako ez badira saltzen.
Zazpigarren jardunaldia irekiko duen partidak jokatuko dituzte herriko pilotalekuan, 17:00etan hasita. Baiko enpresako Iñaki Artolak eta Jon Ander Imazek osatuko dute bikote bat, eta Aspe enpresako Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak bestea. Lehen mailako pilotariena, ordea, ez da arratsaldeko partida bakarra izango; promozio mailako txapelketako partida bat ere jokatuko dute-eta Azkoitian. Dena den, aurrerago emango dute pilota enpresek partida hori jokatuko duten lau protagonisten berri.