Gutuna

Gure etxeetan samina sartu zenekoa

Juaristiko hainbat langileren bikotekideak 2025eko azaroaren 26a

Irailaren amaieran herriko kaleetan egindako manifestazioko irudi bat. (Andoni Elduaien)

Basarte industrialdean egoitza duen Juaristi enpresako 23 langileren bikotekideek gutuna bidali dute Azkoitia Gukara, enpresari aurpegia ematea eta gutxieneko aurreikuspen bat mahai gainean jartzea eskatzeko. 

Juaristiko langileak aipatuta, uste dugu ez daukagula azalpen handirik eman beharrik, ezta? Denok dakizue zertaz ari garen. Denok dakizue, han eta hemen irakurrita, garai ilunak bizitzen ari garela bertako langileak eta familiak. Irakurzaletasunik ez duen despistaturik balego, manifestazio handi batek ere inbaditu zituen Azkoitiko kaleak irail bukaeran.

Denok dakizue soldatak zor dizkiela, orduak eta orduak ematen dituztela gora begira lanik gabe. Ez omen dago dirurik materiala erosteko eta zenbakiak ez omen dira banketxeen konfiantza lortzeko adinakoak. Edo bai bere ustetan, horretan ari omen da-eta azken hogei hilabeteetan. Denok dakizkigu kontu horiek baina ez dakigu enpresaren egoera errealaren inguruko daturik. Eta ez da kasualitatea, bere egoaren tamainako sekretismoaren ondorioa baizik.

Ez dakigu ezer eta ez gara zifrez edota zenbakiez ari, ezer gutxi baitakigu enpresagintzaz. Gure asmoa ez da hemen ratioez zein balantze ekonomikoaz hitz egitea. Horretarako daude zuzendaritza (bera, alegia), laguntzen uzten ez dion Eusko Jaurlaritzako agentea eta hainbeste aipatzen dituen bankuetako langileak. Zenbakiak garrantzitsuak dira, noski, enpresa bat aurrera ateratzeko beharrezkoa da horien kudeaketa ona egitea, baina, era berean, denok dakigu enpresa bat entitate bizi bat dela, eta, bizitza bera bezalaxe, gorabeherak eta etapak izaten dituela. Badakigu une onak izan dituen bezalaxe, azken bolada txarra izaten ari dela.

Horraino, ulertuta. Hemen ulertzen ez dena da bere jarrera zikina. Azken hamabost hilabete hauetan gure etxeetan barruraino sartu den isiltasuna eta horrek eragindako ezjakintasuna zein inpotentzia. Pixkanaka-pixkanaka samina eragiten ari den sekretismoa. Zer errespetu falta da hau? Horrelako egoera latz baten aurrean ezer ez esatea? Asanbladak mugara eraman arte hitz erdirik ere ez esatea? Eta gero, esandako hitz erdi hori sinistu egin behar, oraintxe hori ere fede kontua gehiago da-eta.

Zer etorkizun mota irudikatu behar dugu ezerezaren aurrean? Jakingo du bada bere egolatrismo horren atzean gure bizi proiektuak daudela? Hemen arazoa ez da enpresa ez doala ekonomikoki ondo; hemen arazo larriena da ez dela gutxieneko azalpenik ere ematen, eta gardentasun falta ikaragarria dagoela. Hemen arazoa da ez dakigula zer espero, eta nazkatu garela esperoan. Langileekin batera familiak gaude honetan, eta samina gu guztion parte egin da. Nahikoa da.

Hamabost hilabete luze daramatzagu horrela, eta ez dago eskubiderik tratu hau jasotzeko. Datorren astean, aldi baterako lan erregulazio espedientea bukatzen da, eta oraindik, gaur-gaurkoz, ez dakigu abenduaren 5etik aurrera zer gertatuko den. Hamar egunen faltan, sekretismoa eta isiltasuna nagusi berriz ere; jarrera hau ez da bidezkoa, agonikoa da.

Bidean alde egin du jendeak edo eskatu dituzte bajak, eta beste asko, nekatuta gaude. Ez dugu eskatzen ogasunari eman beharreko azalpenak ematea, baina bai aurpegia ematea eta gutxieneko aurreikuspen bat mahai gainean jartzea. Arre edo so, baina zerbait argitu dezala behintzat, horrelakorik ez dugu-eta merezi ez guk, ez inork. Badator urte amaiera eta beste berri baten hasiera. Ez da aitzakia txarra horretarako, ezta? Ea bada hala den.

Juaristi enpresako hainbat langileren bikotekidek sinatu dute gutun hau. Honako hauek dira horiek: Nerea Urdapilleta, Nerea Kamio, Aitziber Otegi, Nagore Palma, Amaia Zapardiel, Ainhoa Ipenza, Ane Alberdi, Maialen Aranguren, Igone Arregi, Izaskun Garaiar, Maria Santiago, Igone Etxaniz, Ana Larrañaga, Sheila Orbegozo, Estela Cano, Esther Etxeberria, Ana Isabel Saldaña, Uzuri Nieto, Saioa Arrizabalaga, Itziar Beitia, Amaia Aranbarri, Oihana Elorza eta Irune Larrarte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide