Metroterdi, Oro ez da urre eta Elkue dira Orbel Jokoen finalistak

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 26a

Orbel Jokoen iazko finala. (Oier Arregi)

Ostiralean jokatuko dute Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Orbel Jokoen finala, Elkarguneko Intsausti aretoan. Maxixatzenek 600 euro banatuko ditu talde finalisten artean.

Hiru asteko lehia estuaren ondoren, dagoeneko zehaztuta daude Orbel Jokoen finalistak: Metroterdi, Oro ez da urre eta Elkue taldeak sailkatu dira finalera, eta horiek etzi, ostiralez, jokatuko dute saio erabakigarria Elkarguneko Intsausti aretoan, 17:30ean hasita. 

Azken asteetan hiru galdera sorta prestatu ditu Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, eta horiek erantzun behar izan dituzte txapelketara aurkeztu diren hamabi taldeek. Horien guztien artean, Oro ez da urre eta Metroterdi taldeek eskuratu dituzte puntu gehien; 44,5 punturekin, berdinketa izan da bien artean. Ondoren sailkatu da Elkue, 43,25 puntu lortuta. Hain justu, honako lotura honetan ikus daiteke Orbel Jokoetan taldeek lortu duten puntuazioa.

Askotariko probak eta jolasak egingo dituzte ostiraleko finalean, eta Maxixatzenek 600 euro banatuko ditu guztira. Izan ere, talde irabazleak 300 euro jasoko ditu, eta bigarren zein hirugarren postuetan sailkatzen direnek, 180 euro eta 120 euro, hurrenez hurren. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide