Etxean zein kanpoan, puntuak pilatu dituzte Anaitasunakoek

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 24a

Anaitasunakoak geldikako jokaldi batean. (Anaitasuna)

Emakumeen taldeak garaipen erosoa lortu zuen Ugaoren aurka etxean. Gizonek, berriz, balio handiko puntua batu zuten ostiral iluntzean, Tolosan. Emakumeek pixkanaka-pixkanaka gora egiten jarraitzen dute; gizonek, berriz, bigarren postuan jarraituko dute beste aste batez.

Anaitasunako emakumeek hiru puntu eta gizonek bat batu dituzte asteburuan. Emakumeek Ugaoren bisita jaso zuten Txerloian zapatu arratsaldean, eta gorritxoek 4-0 irabazi zieten bizkaitarrei. Aldiz, gizonek Tolosan jokatu zuten ostiral iluntzean, eta 2-2 egin zuten. 

Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako emakumeen taldeak arnasa hartzeko, eta zergatik ez, pixkanaka sailkapeneko goiko postuetara sartzen hasteko garaipena lortu zuen. Joko ona erakutsiz ekin zioten gorritxoek lehiari, eta laugarren minutuan hartu zuten aurrea markagailuan; June Diazen pasea baliatuz, Ane Arrizabalagak lortu zuen gola egitea. Taldeak egindako jokaldi dotoreari amaiera ezin hobea eman zion Arrizabalagak. 

Eroso ikusten zen zelaian Anaitasuna, baina, erosotasunean erori gabe aritu zen. Ugaoren atea erasotzen jarraitu zuen taldeak, eta hala etorri zen bigarren gola. 6. minutuan, Maria Juaristi aurrelariak bere gol sena agerian utzi zuen. Aurrena, bat-biko ederra egin zuen golegileak Arrizabalagarekin, eta gero, atezainaren aurrean sareetara bidali zuen baloia. Goiz egin zituzten gorritxoek lehen bi golak, baina atsedenaldira bitartean ez zuten abantaila handitzerik lortu, eta beraz, bi eta hutsekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea. 

Partida kontrolpean ikusita, Oruek aulkia mugitu zuen, eta horrek beste indarraldi bat eman zion taldeari bigarren zatira begira. 55. minutuan, Ugaoko atezainak gaizki jotako baloi bat aprobetxatu zuten etxekoek hirugarrena egiteko. Diazek jaso zuen baloia oinetan, eta hark atezainaren gainetik lortu zuen Anaitasunaren hirugarrena egitea.  

Partidua aurrera zihoan, eta Bizkaiko taldea saiatu zen beren gola egiten. Halako saiakera batean, ordea, beste aldea egin zuen gola Anaitasunak. Kanpokoen atzeko lerroa aurreratuta ikusi zuten etxekoek, eta Leire Uzinekin jokatu zuten. Hark baloia jaso, jokaldi ederra osatu eta atearen aurrean zen Arette Egigureni egin zion pasea, azken horrek taldearen arratsaldeko laugarrena egin zezan. 75. minutuan lortu zuten gorritxoek laugarren eta Azken gola. 

Amaierara bitartean izan zituen Anaitasunak bosgarren gola egiteko beste abagune batzuk ere, baina taldeak ateari hutsean eusteari eman zion lehentasuna. Garaipen ederra pilatu zuten gorritxoek etxean, zaleen aurrean. Datorren igandean, San Andres egunean, Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka jokatu beharko dute Oruerenek, Erandioko (Bizkaia) San Lorenzo zelaian (16:00). 

Puntua Tolosan

Tolosako Berazubi beti izan da zelai zaila Anaitasunarentzat, eta oraingoan, puntua batzeko gai izan ziren Loren Barbadoren gizonak. Lehen zatian gehiago izan zen Anaitasuna; baloiarekin jabetza gehiago izan zuen taldeak, baina aukera gutxi sortu zuen taldeak, eta atsedenaldira hutsean ailegatu ziren.

Dena den, aldageletatik bueltan Tolosak hartu zuen aurrea; 50. minutuan, kontraeraso bat baliatu zuten etxekoek abantaila hartzeko. Hori gutxi ez, eta Alain Sudupe atezaina egotzi zuen epaileak handik lau minutura; etxekoen aurrelari bat Suduperen atea aurrean gelditu zen, eta gorritxoen atezainak hura lurrera botata, epaileak kaleratu egin zuen. 

Egoera horren aurrean, gorritxoek harrotasuna eta kemena erakutsi zituzten zelaian. Jokalari bat gutxiagorekin aritu arren, maila onean aritu ziren Barbadorenak Berazubin, eta 70. minutuan, Jon Ander Peña aurrelariak lortu zuen lehia berdintzea; Julen Aramendiren pasea bikain baliatu zuen aurrelari azpeitiarrak. Ordea, gutxi iraun zuen pozak, lau minutura lortu zuten-eta Tolosakoek berriz ere aurrea hartzea. Dena den, Anaitasunak ez zuen etsi eta neurketa berdintzea lortu zuten. Azkar jokatutako geldikako jokaldi batean ezustean harrapatu zituzten gorritxoek etxekoak, eta berriz ere Aramendiren oinetatik sortu zen gola; etxekoek beren atean egin zuten gola 84. minutuan. Berdinketa hausteko abaguneak izan ziren amaierara bitartean zelaiaren bi ateetan, baina puntu bana pilatu zuten bi taldeek. 

Datorren asteburuan, Beasain B taldea jasoko dute Barbadorenek, etxean; zapatuan, hilak 29, 16:30ean hasiko da lehia Txerloian. Sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du Anaitasunak. 21 puntu dituzte gorritxoek egun, Real Union liderrak baino bederatzi gutxiago. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide