Garaipen bana pilatu dute asteburuan ISBko gizon-emakumeek

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 24a

Skylar Van, uztaipean. (Mikel Amenabar 'Otola')

Emakumeen taldeak Sernova Renovables Real Canoe hartu zuen mendean zapatuan, Elkargunean. Gizonek, berriz, Sarrigurenen (Nafarroa) irabazi zuten, sailkapenaren bigarren postuari eusteko. 

Asteburu borobila izan da ISBren taldeentzat. Bai emakumeek, bai gizonek, irabazi egin zituzten beren partidak zapatuan. Emakumeen Domusa Teknik taldeak 57-41 irabazi zion Sernova Renovables Real Canoe taldeari, Azkoitiko Elkargunean. Aldiz, gizonen Biele ISB taldeak 69-77 irabazi zuen Sarrigurenen (Nafarroa) Castillo de Gorraiz Valle de Egues taldearen aurka. 

Luis Agirre Katxik zuzentzen duen Domusa Teknik taldeak lehiaren lehen minututik erakutsi zuen garaipena lortu nahi zuela. Etxean aritu ziren otsoak, sailkapeneko azkeneko postuetan den Madrilgo taldearen aurka, eta zaleen aurrean erakutsi ohi duten indarrarekin ekin zioten lehiari. Hala, 11 puntuko aldea lortu zuten lehen laurdenean, bisitariei bakar-bakarrik zazpi puntu saskiratzea ahalbidetuz. Aldiz, lehiak orekatzera egin zuen atsedenaldiaren aurretik, baina, etxekoek markagailuko aldeari eusten asmatu zuten. Hala, atsedenaldira 30-19 emaitzarekin joan ziren. 

Lehia hirugarren laurdenean hautsi zuten otsoek. Lehen laurdenean zazpi puntu besterik jaso ez bazituzten ere, hirugarren laurdenean hobetu egin zuten lana defentsan; 22 puntu saskiratuta eta soilik hiru jasota, garaipena erabat ziurtatuta utzi zuten Azkoiti-Azpeitikoek azken laurdena jokatu aurretik. Dena den, laugarren laurdenean kontrakoa gertatu zen; etxekoek bost puntu baino ez zituzten saskiratu eta Madrilgoek hemeretzi. Hala eta guztiz ere, erraztasun handiz lortu zuen Domusa Teknik ISBk denboraldiko laugarren garaipena. 

Melissa Lalotte izan zen taldeko onena. Hamar puntu saskiratu zituen pibot frantziarrak, 21 puntuko batez bestekoa balorazioa lortzeko. Datorren zapatuan, hilak 29, Castellon (Herrialde Katalanak) arituko dira otsoak; Fustecma NBF Castelloren etxean arituko dira haiek, 19:30ean hasita. Orain arte garaipen bakar bat lortu duen taldea izango dute ISBkoek aurrean; aukera ederra izango dute beheko postuak urruntzeko.

Gizonak, sendo etxetik kanpo

Gizonen Biele ISBk, berriz, sailkapeneko azkenaren etxean jokatu zuen herenegun, eta sasoiko zazpigarren garaipena eskuratu zuten Iñigo Nuñezenek (69-77). Atsedenaldiaren aurretik lortu zuten Azkoiti-Azpeitikoek nafarrei markagailuan alde egitea, eta gero, aldeari eusten asmatu zuten. Distira handiegirik gabe, baina sailkapenak erakusten duen aldea berresteko gai izan ziren Nuñezenak Sarrigurenen. 

Ierai Aizpitarte eta Adria Moncanut izan ziren taldeko puntu iturri nagusiak; 24 eta 22 puntu saskiratu zituzten haiek, hurrenez hurren. Dena den, joko antolatzaile kataluniarra izan zen ISBko onena, hark 30 puntuko batez besteko balorazioa eskuratu baitzuen. Datorren asteburuan, atseden astea izango dute Bigarren FEB Mailan, eta hori hala, ISBk ez du partidarik jokatuko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide