Danbor hotsen artean, giro bikaina eta euria oharkabean

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 23a

Euriak euri, ohiko ibilbidea egin dute helduen danborradako hamahiru konpainiek. Talde berri bat atera da gaurko danborradan: Izarraitz areto futbol taldea. Inoizko danborradarik jendetsuena izan da, 500 lagunek baino gehiagok parte hartu dutelako. Palestinako bandera eraman dute danborrada irekitzeaz arduratu diren kantinerek.

Danbor hotsa izan da gaueko protagonista nagusia Azkoitian. Euriak euri, 22:00etan atera dira helduen danborradako taldeak Baztarrikaldetik, eta ohiko ibilbidea egin dute, 21:30ean hala erabakita. Izan ere, danbor taldeetako ordezkariak ordu horretan elkartu dira ibilbidea laburtu edo ez erabakitzeko, baina euriari aurre egin eta ibilbidea luzea egitea erabaki dute.

Desfilea hasi eta gutxira, plazan egin dute talde guztiek geldialdia, eta pieza batzuk jota segitu dute kalez kale, Balda plazan beste geldialdi bat egin duten arte. Danborrada berriz ere plazara itzuli da gero, eta gauerdiarekin, Azkoitiko bandera igo du Ana Azkoitia alkateak, danbor jotzaileek Azkoitia kanta jotzen zuten bitartean. Tatiago, Idiarena, Umore Ona, Diana eta Xoxote abestiak eta iaz estreinatu zuten San Martin martxa ere jo dituzte plazan taldeek, eta hain zuzen, hantxe bukatu da aurtengo danborrada.

Aurtengo danborrada inoizko jendetsuena izan da, talde bat batu baita desfilera. Helduen danborradaren 77. aldian Izarraitz areto futbol taldea atera da lehen aldiz. Orotara, hamahiru konpainia irten dira danborradan –Napoleoiak, Txintxarri, Pilotariak, Ixkitturri, Euskal Presoen Eskubideen Aldeko Taldea, Floreaga ikastetxea nahiz Xabier Munibe ikastola –eskola bakoitza bina talderekin– Aldapa, Zalduntxoak, Belaño eta Izarraitz, eta 500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute danborraren bueltako festan.

Bestalde, Belaño taldeak jantziak estreinatu ditu; taldekideak eskoziarren jantziekin atera dira danborradan. Azkoitiko danborradan hiru urte egin ostean, udalak jantziak finantzatzen dizkie taldeei, eta beraz, hiru urteko langa gaindituta, jantzi berriekin atera dira Belañoko taldekideak.

Halaber, Azkoitiko danborradak Palestinari egin dio keinua; izan ere, hango genozidioa salatzeko eta palestinarrei babesa erakusteko, Palestinako bandera eraman dute danborrada irekitzeaz arduratu diren kantinerek. Hainbat taldek egindako eskaerari erantzunez, Palestinako bandera danborradaren hasieran eramatea onetsi zuen Tata elkarteak.

Gaur ere festa

Gaur jarraituko dute sandresen atariko ekitaldiek. Hain zuzen ere, goizean baserritarren azoka eta ehoziri erakusketa egingo dituzte plazan. Bestalde, taloa nola egiten den ikasteko aukera izango dute herritarrek, 10:30etik aurrera, Bizilore eskola aktiboko kideen eskutik.

11:00etan, berriz, Bizkargi eskolako musikariak eta dantzariak kalera aterako dira, Txalkor txistulari taldekoek lagunduta, eta 12:30ean, plaza dantzak izango dira Goiko Losan, Bat-Bitan taldeko Arkaitz Allurrek eta Maddalen Arzallusek girotuta. Eguraldi kaskarra egiten badu, bi ekitaldi horiek Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egingo dituzte.

Gaur, igandea

  • Goizean zehar. Baserriko produktuen azoka eta ehoziri erakusketa, herriko plazan.
  • 10:30. Talo tailerra, herriko plazan.
  • 11:00. Bizkargi musika eta dantza eskolako kideen kalejira, Txalkor txistulari taldekoekin batera. EEguraldi txarra bada, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan eskainiko dute emanaldia.
  • 12:30. Plaza dantzak Bat-Bitan taldeko Arkaitz Allur eta Maddalen Arzallus musikariekin, Goiko Losan. Eguraldi txarra bada, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan eskainiko dute emanaldia.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide