Hurkoa fundazioaren Urrezko H saria jaso du Javier Zubizarreta alkatea ohiak

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 22a

Alberdi Zubizarretari intsignia jartzen. (Udala)

Hurkoa patronatuko kide den Jesus Alberdi azkoitiarrak intsignia jarri zion paparrean Zubizarreta alkate ohiari. Esker oneko hitzak izan zituen hark Hurkoa fundazioko kideentzat. 

Javier Zubizarreta alkate ohiak Hurkoa fundazioaren Urrezko H saria jaso du. Erakundearen alde egindako ekarpenaren eta erakutsitako konpromisoaren aitortza gisa jaso zuen saria 2015etik 2023ra bitartean herriko alkate izan zenak herenegun, osteguna.  

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Donostiako Carlos Santamaria Zentroan egin zioten aitortza Zubizarretari, Hurkoaren 35. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian. Hurkoa patronatuko kide den Jesus Alberdi azkoitiarrak jarri zion intsignia alkate ohiari paparrean, eta hark esker hitzak izan zituen fundazioko kideentzat. "Urrezko Ha jarri didazue niri, baina Hurkoak eta beharra dutenen alde lan egiten duen jende guztiak 27 letra eraman beharko lituzkete, Atik Zra alfabetoa osatzen duten guztiak. Laguntzen jarraitzera animatzen zaituztet, eta ea gure gizarte hau humanoagoa egiten dugun", adierazi zuen Zubizarretak saria jasotzean. Ana Azkoitia egungo alkateak ere parte hartu zuen ekitaldian.

Ekitaldian parte hartu zuten ordezkariak, Donostiako Carlos Santamaria Zentroan. (Udala)

Hurkoa, 2017tik herrian 

Hurkoak 2017ko urrian zabaldu zuen bulegoa herriko plazan, Udaltzaingoaren alboko lokalean. Hauskortasun egoeran edota tutoretza beharrean dauden pertsonei arreta eta akonpainamendua ematea dira fundazio horren xedeak. Udalak emandako datuen arabera, zerbitzu hori zazpi pertsonekin jarri zen martxan. Egun, berriz, 30 pertsona inguru artatzen dira herrian, bailarako gizarte eta osasun zerbitzu guztiekin koordinatuta. Gipuzkoa osoan, bestalde, desgaitasun, mendekotasun, babesgabetasun edo hauskortasun egoeran dauden adineko edo buruko gaixotasuna duten 615 pertsonei eskaintzen diete arreta eta laguntza.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide