Saharak bere etorkizuna libreki erabaki dezan eskatu dute Isilune Zirkuluan

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 21a

Hainbat lagun, atzo, plazako arkupetan. (Darahli elkartea)

Dozenaka lagun elkartu ziren atzo arratsaldean plazan, Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazteko eta Marokok Mendebaldeko Sahararako proposatu duen autonomia plana gaitzesteko. "Sahara sahararrena" dela adierazi zuten plazan bildutako herritarrek. 

Azkoitiko Isilune Zirkuluak atzo, osteguna, egin zuen azaroko elkarretaratzea. Eguraldi txarra tarteko, plazako arkupetan egin zuten bilkura, baina ozen aldarrikatu zituzten Mendebaldeko Sahararen eskubideak. Dozenaka lagun bildu zen elkarretaratzean, Darahli elkarteak egindako deialdiari erantzunez. 

Plazan bildutakoek haserre azaldu ziren. "Etsipen sakona, haserrea eta erabateko gaitzespena sortu digu Marokok Mendebaldeko Saharan duen okupazioa autonomia plan baten itxura faltsuarekin sendotu nahi duen maniobra politiko berri honek". Proposamen hori Marokok nazioarteko potentzia batzuen "isileko babesarekin" bultzatu duela nabarmendu zuten herritarrek. "Nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena da, Nazio Batuen ebazpenei iseka egiteko saiakera, eta Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesua arautzen duen legezkotasunaren aurkako beste kolpe bat", esan zuten.

Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeke dagoen lurralde ez autonomoa da Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera. Nazioarteko Justizia Gorteak 1975eko irizpenean ezarri zuen ez zegoela Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen artean anexioa justifika zezakeen subiranotasun loturarik. Horregatik, azpimarratu zuten "bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen titular bakarra" saharar herria dela. "Mende erdi geroago, Espainia da Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea, eta horrek, juridikoki deskolonizatu gabeko lurraldearen erantzule bilakatzen du".

Hainbat eskaera egin zizkioten herritarrek Espainiako Gobernuari eta alderdi politikoei. Isiltasun "konplizea" haustea, Marokoren autonomia plana publikoki baztertzea, eta, "anbiguotasunik gabe", NBEren ebazpenak betetzea zein autodeterminazio erreferenduma bultzatzea eskatu zuten. "Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa (Minurso) helburu argi eta bakarrarekin sortu zen: erreferendum libre, justu zein garden bat antolatzeko eta gainbegiratzeko sortu zen, saharar herriak bere etorkizuna erabaki dezan", adierazi zuten.

NBEri eta bere kideei, berriz, "erantzukizun historikoa" betetzea eta bermatzea eskatu zieten. "Saharar herria izan dadila bere patuaren epaile bakarra, kanpoko inposizio eta manipulazio politikorik gabe. 50 urteko erresistentzian, promesa hutsak, traizioak, isiltasuna, errepresioa eta abandonua jasan duzue". Aldarrikatu zuten "Sahara sahararrena" dela, eta nahiz eta jakitun izan laguntza humanitarioa errefuxiatu kanpamenduetan bizirauteko "ezinbestekoa" dela, "arazoa politikoa" dela azpimarratu zuten. Hori horrela, "konponbideak ere politikoak" izan behar duela azaldu zuten. "Gaur, inoiz baino gehiago, sahararrek gertu senti gaitzaten nahi dugu; borroka hau eta zuen etorkizuna axola zaizkigulako", esan zuten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide