Festa usaina zabaldu da Azkoitian. San Andres jaien aurreneko asteburua dute aurretik han, eta ohi bezala, askotariko ekintzak izango dituzte bihar nahiz etzi. Bihar, haurren igeriketa sariketa, herri lasterketa eta helduen danborrada izango dira, eta igandean, baserritarren azoka, ehoziri erakusketa, talo tailerra eta dantzak.
Zubiaurre igeriketa elkarteak antolatuta, haurren San Andres Igeriketa Saria jokatuko dute 16:00etan hasita, Elkarguneko igerilekuan. Azkoitiko Zubiaurre zein Azpeitiko Izarraitz igeriketa klubetako eta Marea Urdina taldeko igerilariek parte hartuko dute sariketan. Adinaren arabera banatuta, 25 metro egingo dituzte igerian txikienek –LH 3 eta LH 4 mailak– eta 50 metro zaharrenek –LH 5 eta LH 6 mailak– nahiz Marea Urdina taldekoek.
Igeriketak atletismoari emango dio lekukoa ordu erdi geroago. Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton atletismo taldeak hogeigarrenez egingo du bihar Azkoitiko Herri Lasterketa. Iaz bezala, dortsal guztiak agortu dira aurtengo probarako, eta hori hala, 350 lagun aterako dira 16:30ean errepidera proba osatzera. Plazan izango ditu lasterketak irteera eta helmuga, eta guztira, hamar kilometroko ohiko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Raka Maraton taldeak, gainera, boluntarioei dei egin die, lasterketako bidegurutzeak-eta zaintzeko; lagundu nahi dutenek 15:30erako plazan egon beharko dute.
Danbor festa, gauean
Arratsalde parteko ekintzak amaituta, sanandresetako hitzordurik jendetsuenaren txanda izango da gauean. 22:00etan Baztarrikaldetik abiatuta, helduen danborrada egingo dute herriko kaleetan eta plazetan. Aurten, 77. aldia izango du danborradak, eta gainera, inoizko jendetsuena izango da. Desfilean iaz baino talde bat gehiago izango da, hamahiru, guztira; Izarraitz areto futbol taldea batu da festara, eta hori hala, 500 lagun baino gehiagok gozatuko dute festaz barrutik.
Herenegun egin zuten hitzordua prestatzeko azken entsegu nagusia danborradako taldeen erdiek, eta han izan ziren Izarraitz taldeko kideak. Imanol Garcia da talde horren zuzendaria; hura aurrenekoz arituko da danborradan zuzendari lanetan, eta "gustura" zen azken entsegua amaitzean. "Talde berria gara, eta aurreneko entseguak herren hasi bagenituen ere, hartu diogu neurria eta hasi gara disfrutatzen". Olaia Martin izango da Garciaren alboko zuzendari txikia, eta hark esan zuen "ondo" moldatzen direla biak. Hala baieztatu zuen Garciak ere: "Olaia guztiei begira egoten da, eta eskerrak, ni despistatu samarra naiz eta".
Izarraitz taldekoak "motibatuta" eta "ilusionatuta" daude biharko hitzordurako, eta zuzendariaren iritziz, hori da ezeren aurretik "garrantzitsuena". Danborradan aurreneko urtea dutenez, Izarraitz taldekoak beren jantziekin aterako dira kalera. Danbor eta txapa jotzaileak galtza beltzekin eta beren taldeko kamiseta zuriarekin aterako dira; kantinerek, berriz, taldeko kirol-jertsea eramango dute soinean.
Berrikuntza gehiago
Izarraitz taldearen parte hartzea izango da datorren danborradak izango duen berrikuntza nagusia, baina haiena ez da bakarra izango; izan ere, Belaño taldeak jantziak estreinatuko ditu aurten. Konpainia horrek hiru urte beteko ditu aurten danborradan, eta gainerako taldeekin egin bezala, udalak finantzatu dizkie haiei aurrerantzean danborradan erabiliko dituzten jantziak. Belañoko taldekideek eskoziarren jantziak eramango dituzte soinean.
Nazioartean, eta bereziki, Palestinan, bizitzen ari diren egoera ikusita, danborradak hango herriari ere egingo dio keinu. Hainbat taldek eskatu zuten Palestinako bandera ateratzeko baimena, eta hori ikusita, Tata elkarteak erabaki du bihar danborrada irekiko duten kantinerek Palestinako bandera eramatea.
Danborrada honako hamahiru talde hauek osatuko dute: Napoleoiak, Txintxarri, Pilotariak, Ixkitturri, Euskal Presoen Eskubideen Aldeko Taldea, Floreaga ikastetxea nahiz Xabier Munibe ikastola –eskola bakoitza bina talderekin– Aldapa, Zalduntxoak, Belaño eta Izarraitz. Azkoitia, Tatiago, Idiarena, Umore Ona, Diana, Xoxote eta iaz estreinatu zuten San Martin martxa abestien doinuak joko dituzte, besteak beste, herrian zehar.

Ibilbidea, zalantzan
Asko dira egunotan eguraldi iragarpenari begira ari direnak; izan ere, euri, elur eta hotz kontuak bolo-bolo dabiltzan egunotan, zenbait herritar kezkatu dira danbor festa zapuztuko ote zaien. Eguraldiaren gorabeherek sarritan eragin izan dute Azkoitiko helduen danborradaren ibilbidean, eta bihar ere ez dute jakinaraziko azken ordura arte danborradak ibilbide luzea edo motza izango duen; talde guztietako zuzendariak 21:30ean elkartuko dira Gurea frontoian ibilbidea erabakitzeko. Ibilbide motza egitea erabakitzen badute, danborrada ez da plazan geldituko lehen igaroaldian, eta aurreikusi baino 20-30 minutu lehenago iritsiko da amaieran plazara. Aldiz, luzearen aldeko hautua egiten badute, ohiko geldialdi guztiak egingo dituzte, eta gauerdirako elkartuko dira denak udaletxe aurrean.
Azoka, taloak, dantzak...
Igandean ere izango da zer ikusi eta zertaz gozatu herrian. Goizean zehar, baserritarren azoka eta ehoziri erakusketa egingo dituzte plazan. Batetik, herriko eta inguruko hainbat baserritarrek zein ekoizlek beren produktuak erakusteko postuak jarriko dituzte han. Guztira, bederatzi ekoizle izango dira plazan: Azkoitiko Ipintza, Zumeta, Santa Krutz, Zabaleta eta Balentzixa baserriak; Azpeitiko Etxearreta eta Berastegi; eta Elgoibarko (Gipuzkoa) Lizasagar Sagardotokixa.
Bestetik, sanandresetako produktu izarra den taloa nola egiten den ikasteko aukera ere izango da plazan; izan ere, 10:30etik aurrera Bizilore eskola aktiboko ordezkariek doako talo tailerra eskainiko dute plazako arkupeetan.
11:00etan, bestalde, Bizkargi eskolako musikariak eta dantzariak aterako dira kalera. Gaztanenea jauregitik abiatuta egingo dute kalejira Alde Zaharrean zehar, Txalkor txistulari taldeak lagunduta. 12:30ean, berriz, plaza dantzak izango dira Goiko Losan, Bat-Bitan taldeko Arkaitz Allurrek eta Maddalen Arzallusek girotuta. Udalak azaldu du, eguraldi txarra eginez gero, bai Bizkargiko ikasleen dantzaldia, bai plaza dantzak Elkarguneko Herriko Plaza aretoan izango direla.
Hona hemen San Andres jaien aurreneko asteburuko egitaraua:
Bihar, zapatua
- 16:00. Haurren San Andres igeriketa saria, Elkargunean.
- 16:30. XX. Azkoitiko Herri Lasterketa.
- 22:00. Helduen danborrada.
Etzi, igandea
- Goizean zehar. Baserriko produktuen azoka eta ehoziri erakusketa, herriko plazan.
- 10:30. Talo tailerra, herriko plazan.
- 11:00. Bizkargi musika eta dantza eskolako kideen kalejira, Txalkor txistulari taldekoekin batera. EEguraldi txarra bada, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan eskainiko dute emanaldia.
- 12:30. Plaza dantzak Bat-Bitan taldeko Arkaitz Allur eta Maddalen Arzallus musikariekin, Goiko Losan. Eguraldi txarra bada, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan eskainiko dute emanaldia.