Espainiako Kopari agur esan zion Biele ISBk atzo Azpeitiko kiroldegian. Ibilbide polita osatu du Iraurgi Saskibaloiaren gizone talde nagusiak txapelketan, final zortzirenetaraino iritsi da, eta maila bat eta koska dezentearekin goitik dabilkien talde batek kanporatu du.
Super Agropal Palencia, Xabi Oroz azkoitiarraren taldea, Lehen FEB mailako oilarretako bat da –bigarrena da uneotan ACBren azpiko liga nagusiaren sailkapenean– eta bere mailaren berri eman zuen atzo Azpeitian. Baina Iñigo Nuñezek zuzentzen duen taldeak ere eman zuen berea, eta atsedenaldira arte, oso parekatuta egon zen neurketa: lehen laurdena Azkoiti-Azpeitikoak lau azpitik zirela bukatu zen (14-18), eta desabantaila puntu bakarrera murriztea lortu zuten bigarren laurdenean (37-38). Bigarren zatian, ordea, ezusterako zirrikiturik ez zuten utzi bisitariek. Hirugarren laurdenean erabat hautsi zuten partida (49-70), etxekoek ezin izan zioten haien erritmoari eutsi, eta aise gainditu zuen kanporaketa, azkenean, Palenciak (59-92).
Asteazken buruzuria izan arren, Palenciakoen jarraitzaile multzo aipagarri bat elkartu zen Azpeitiko kiroldegiko harmailetan.
Zapatuan, Nafarroara
Iraurgiren azken fitxaketak, Pape Badji pibotak, atzoko partidan jokatu zituen lehen minutuak Biele ISBrekin.
Zapatuan, Bigarren FEB ligako jardunaldian, Mendebaldeko multzoko sailkapenean azken postuan dagoen Valle de Egues talde nafarraren kantxan defendatuko dute Iraurgiren gizonek beren bigarren postua.