Asko dira Espainiako gerrak eta erregimen frankistak utzitako biktimak. Milaka pertsona hil egin zituzten, eta beste askok eta askok bestelako hainbat errepresio mota pairatu. Diktadura amaitu berritan, gainera, ez zuten erakundeek horren inguruko berehalako lanketarik hasi, eta mende berriak ireki zuen ate horren lehen zirrikitua, besteak beste, 2007ko Memoria Historikoaren Legearekin.
Orduan hasi zen Aranzadi zientzia elkartea 36ko gerrako desobiratze lanekin, eta ondoren etorri zen Urola Kosta eskualdeko hainbat udalekin "egia eta erreparazioa bilatzeko asmoz" eraiki duten harremanaren hasiera. Izan ere, galdera garbia zen: "Zer gertatu zen gure herrietan urte guzti haietan?".
Javi Buces Aranzadiko historialariaren esanetan, 2014. urtean sinatu zuten lehen lankidetza hitzarmena eskualdean; zehazki, Azpeitiko Udalarekin. "Herri bakoitzak bere erritmoa izan du, baina zalantzarik gabe, Azpeitia erreferentea da lanketa hauetan, ez bakarrik eskualdean, Hego Euskal Herrian baizik, frankismo osoa eta azken urteetako indarkeria ikertu dituelako", dio. Gerora iritsi ziren beste herriak: Aia, Azkoitia, Getaria, Orio, Zestoa eta Zumaia. Historialariaren hitzetan, udalek jo zuten Aranzadirengana, hasieran, batez ere, 36ko gerrako eta gerraosteko datuak ezagutzeko eta jasotzeko asmoz.
Horretarako, artxiboak goitik beheraino ikertzen dituzte Aranzadikoek ahal duten neurrian, eta paraleloki, herritarren testigantza errealak jasotzen ere saiatzen dira. "Errepresio mota batzuen inguruko dokumenturik ez dago, eta horregatik jotzen dugu testigantzetara. Tamalez, gerra garaiko eta gerraosteko biktimen testigantza gehienak jada ezin dira jaso, eta haien seme-alabenak edo bilobenak jasotzen ditugu", azaldu du. Biktimen izen-abizenak argitaratu izan dituzte udalekin elkarlanean osatutako liburuxketan, baina euskarri horiek dituzten mugez jakitun, bestelako formatuetara ere jo izan dute Aranzadikoek eta udalek, eta ez eztabaida publikotik salbuetsita.
"Webguneak argitaratzen hasi ginen biktimen izenak eguneratzeko aukera eskaintzen dutelako, baina horietako zazpi itxita daude, tartean Azpeitikoa eta Oriokoa, ikerketa horietan azken hamarkadetako biktimak ere bazeudelako jasota. Pena da, informazio asko dagoelako plataforma horietan, baina gaur egungo betaurrekoekin iragana irakurtzen saiatzen dira batzuk, eta horregatik, atariak ixtea erabaki zuten", azaldu du. Webgune eta liburuxkez gain, ekitaldiak ere antolatzen dituztela jakinarazi du Bucesek.
Polemikak polemika, egiten dituzten lanen zailtasuna azpimarratu nahi izan du historialariak. Haren hitzetan, argitalpenak ez dira batailak biltzen dituzten historia "liburu normalak", izen-abizenak agertzen diren lekuak baizik. "Ikerketen hasieran oroimen bulego bat irekitzen dugu, jendea bertara gertura dadin bere testigantza ematera, baina gerta daiteke akatsak egotea edo jendea kanpoan gelditzea, familiakoak ez direlako lanketaz ohartu", erantsi du historialariak.
Biktima guztiak biltzen saiatu ostean, horiek jasan dituzten errepresio moten arabera sailkatzen dituztela adierazi du Bucesek. Nazioarteko Giza Eskubideen hiztegia erabiltzen dute horretarako, horrek aukera ematen duelako "kasua etorkizunean epaiketara eramateko, frankismoko krimenen aurkako Argentinako kereila bezala".
Zeharkako errepresioa
Errepresio mota asko badaude ere, batzuei izena jartzea besteei baino nekezagoa dela kontatu du Bucesek: "Torturak, hilketak, kartzelaldiak, erbesteratuak... horiek errazago identifikatzen dira, baina badaude beste mota batzuetakoak ere. Emakumeen aurkako errepresioa da horietako bat. Gerra garaiko eta gerraosteko historia aztertzen dugunean, askotan badirudi gizonen historia izan zela, baina emakumeen atzeko sufrimenduari inork ez dio orain arte erreparatu". Azkoitian, adibidez, urri hasieran eman zuten frankismo garaiko emakume errepresaliatuen proiektuaren berri, eta hori osatzen ariko dira hurrengo urteko irailera arte.
Frankismoak iraun zuen "hamarkada luzeei" lotuta aurki daitekeen informazio kopurua ere aldiaren arabera asko alda daitekeela nabarmendu du historialariak, eta horrenbestez, baita beren lanetan biltzen duten edukia ere. Hark azaldu duenez, gerra garaiko eta gerraosteko dokumentazioa aurkitzea "nahiko erraza" da, ordukoak direlako "errepresio krudelenak", baina 1945etik aurrera, Europan faxismoa desagertu zenetik –Espainian izan ezik–, "isiltasun handia" hedatu zen. "Badirudi ez zela ezer gertatu, jada ez zegoelako hainbesteko indarkeria zuzenik", gehitu du. Handik urte batzuetara, mugimendu antifrankista berriro pizten joan zen neurrian, indarkeria fisikoa "modu krudelenean" agertu zen berriro dokumentuetan.
Horrekin lotzen du Bucesek testigantzek duten garrantzia. "Azkoitiko ikerketa horren kasuan, adibidez, jakin nahi duguna da garai hartako emakumeen bizitza nolakoa zen: senarrak atxilotuta zituzten batzuk, bananduta zeuden beste batzuk... Zaila da jakitea, baina beharrezkoak dira haien eta ondorengoen testigantzak, beraiek ere biktikmak zirelako".
Testigantzak jasotzeko, baina, herritarrek horiek eskaintzeko jarrera izatea ezinbestekoa da, eta kasuaren arabera, hori "asko" aldatzen dela nabarmendu du Aranzadiko historialariak. "Sentsibilitate desberdina du jendeak, baina, oro har, gizarteak garrantzizkotzat jotzen du memoria berreskuratzea, are gehiago orain, ideia faxisten gorakada ikusten ari garenean", dio Bucesek.
Eta horren harira, hausnarketa garbi bat partekatu du: "Faxismo garaiko lehen urteetako jende gehiena ez dago gure artean jada, baina azken urteetakoa bai, eta berandu baino lehen jaso behar da beren historia, bigarren eskuko testigantzak ez dira-eta berdinak. Hori guztia konfidentzialtasun osoz, badaude eta publiko ez egitea eskatu diguten edukiak ere. Kontua jasota geratzea da".
Inurri lana
Buces bera da memoria historikoa lantzen duten proiektuetako prentsaurreko nahiz ekitaldietan ikus daitekeen Aranzadiko ordezkaria. Gai hori lantzen duen lantaldeko koordinatzailea da bera, baina orotara zazpi pertsonaz osatuta dago talde hori. Gehienak historialariak dira, baina Aranzadi bestelako profiletako langileek ere osatzen dute, hala nola antropologoek eta juristek. Urte batzuk daramatzate memoria historikoa jorratzeko lanak egiten, denak koordinatuta.
Elkarlana, giltza
Herriak eskatuta eta herriarentzat sortutako eduki moduan hartzen ditu Bucesek azken hamarkadan ondutako txosten, liburu nahiz ekitaldi guztiak, eta erakunde eta norbanakoen arteko "sinergietan" jarri du fokua. "Lan hauek udalak, eta horrenbestez, herritarrek eskatutakoak dira, eta guri, historialari garen momentutik, datuak biltzea dagokigu, erradiografia bat egitea, interpretazioetan eta irakurketa etikoetan sartu gabe", azaldu du.
Hori horrela, lanean jarraituko dutela gehitu du Bucesek, frankismo garai osoko biktimen ahalik eta argazki osatuena jasotzeko.

Herriz herriko lanak
Aranzadi zientzia elkarteak memoria historikoa berreskuratzeko hainbat lan egin ditu Urola Kostako herrietan. Hona hemen herrika osatu dituzten lanak eta oraindik bidean direnak:
- Aia. Ikerketa lanak eta 1936tik 1945erako biktimak biltzen dituen liburua.
- Azkoitia. Ikerketa lanak eta 1936tik 1978ra bitarteko biktimak biltzen dituen webgunea martxan.
- Azpeitia. 1936tik gaur egunera arteko ikerketak, hiru liburu, webgunea (itxita), ekitaldiak eta 2027ra bitarteko hitzarmena.
- Getaria. Ikerketak eta 1936tik 1945era bitarteko biktimak biltzen dituen liburua.
- Orio. Ikerketak 1936tik gaur egunera arte eta webgunea (itxita).
- Zestoa. Ikerketak 1936tik gaur egunera arteko biktimen inguruan, 1936tik 1945era bitarteko biktimak biltzen dituen liburua, eta Arroabeko langileen bataloiari buruzko ikerketa martxan egun.
- Zumaia. 1936tik 1945era bitarteko biktimak jasotzen dituen liburua eta 1978ra bitarteko biktimen ikerketa martxan. 2027an webgunea frankismo osoko datuekin (1936-1978).
