Herri kirolak Errazuren kameraren bisoretik

Kris Fernandez 2025eko azaroaren 26a

Herri kiroletako edozein ekitalditako ikusleen artean maiz aurkitu daiteke Ibon Errazu (Azkoitia, 1979). Argazki kamera lepotik zintzilik duela, bere begietatik ikusten duena irudietan hartu izan du urteetan zehar. Urte horietan guztietan milaka argazki atera baditu ere, zortzi gogokoenak edo berezienak hautatu ditu. Herri kirolen inguruko gehigarri bereziko edukia da honako hau.

AURRENETAKOA

Azkoitiko Urrategi auzokoa da Errazu, eta bertan atera zuen lehenengotariko argazkia. Uztaileko bigarren igandean ospatzen dituzte festak auzo horretan, eta urtero-urtero herri kirol erakustaldia antolatzen dute. 2004. urteko jaialdi hartan Juan Joxe Unanue Goenatxo II.ak parte hartu zuen, Urrategikoa hura ere. "Nire auzoko jaiak izanik, bertan atera nituen herri kiroletako lehenengo argazkiak, Urrategiko jaien berri eman nahian", esan du Errazuk argazkiaz.

KIROLARIEI LAGUNTZA

Juan Iguaran eta Luis Mari Bengoa. Bata zein bestea oso garrantzitsuak izan dira herri kirolarientzat, eta horregatik atera zien Errazuk argazkia, Oianume sagardotegian. "Juanek ezkutuan egin zuen lana, eta Luis Marik, aldiz, gazteei bideak zabaldu dizkie txapelketa ugari antolatuz", adierazi du azkoitiarrak.

OHOREA

Kirolari asko ezagutzeko aukera izan du Errazuk urte hauetan guztietan, baina Iker Vicente aizkolaria du gogokoenetarikoa, duen profesionaltasunagatik: "Niretzat ohorea da Vicente gertutik ikusteko aukera izatea, aizkorarekiko duen barneko grinagatik eta kirolari eskaintzen dion guztiagatik".

DOTOREZIA

Azpeitiko zezen plazak Euskal Pentatloi Sariaren kanporaketa eta final ugari hartu ditu, eta horietako gehienetan izan da azkoitiarra. 2022ko irailean jokatu zen finaleko irudia da goikoa, Nerea Arruti kirolaria ageri dena. Errazuren iritziz, kirolari "dotorea" da Arruti: "Beste kirol batetik iritsi arren, herri kirolari konpletoa da, eta batez ere, bere buruarekin zorrotza".

IRAGANA MANTENTZEN

Idi dema ugari egiten dira oraindik Azkoitiko Gurea pilotalekuan, eta Errazuk gustuko ditu tradizioa eta herria batzen diren une horiek: "Inguruko adinekoei askotan entzun izan diet idi demena garai bateko baserriko lanetatik datorren tradizioa dela. Adineko horiek entzutea gozamena izan da beti niretzat, horrela ezagutu ahal izan baititut Azkoitiko idi demetako kontuak eta herrian jokatzen ziren apustuen inguruko istorioak".

URA BERE BIDERA

COVID-19aren pandemiak eragina izan zuen aizkoraren munduan ere, eta zentzu horretan gauzak "okerrera" joan ziren arren, denborarekin, bere onera itzultzen ari dela uste du Errazuk. Hala ere, badu pena bat: "Azken lau urteetan egungo aizkolari onenak ez dira hitzordu beraren bueltan elkartu. Dena den, aizkoran jarraitzen dute guztiek, eta poztekoa da hori".

MUNDUAN ZEHAR

Herri kiroletan 18 modalitatetan jarduten dute kirolariek. Horiek sarritan elkarren kontra jarduten dutela dirudien arrren, familia txiki bat osatzen dute munduaren aurrean eta gainontzeko kirol guztien artean. Horren adierazle izan zen joan zen abuztuan izan zen Boiseko Jaialdia (AEB); izan ere, han izan ziren herri kirolari hainbat, baita Errazu ere. Haren hitzetan, "laguntzen" aritu zen, uste baitu denek elkarrekin egin behar dutela aurrera.

ETORKIZUNA

Errazuk 2022an ezagutu zuen Malen Barrenetxea aizkolari gaztea. Ordutik herri kiroletan etorkizunik badela uste du azkoitiarrak, izugarrizko planta erakutsi zuelako: "Arreta piztu zidan egun hartan, zuen gaztetasunagatik eta erakutsi zuen jarreragatik. Zeresana emango du, jarraitzeko amoa baldin badu eta lesioek uzten baldin badiote, behinik behin".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide