Sanandres jaiak ate joka dira, eta Azkoitiko kaleak hasi dira dagoeneko festa usaina hartzen. Atzo, asteazkena, itxi zuten Trenbidearen Zumardia 1 eta 9 zenbakien arteko kalea, barrakek eta hango langileek sanandresen bueltako egunak han igaro ditzaten.
Hain justu, atzo goizean iritsi ziren aurreneko kamioi koloretsuak herrira, barrakak muntatzen hasteko. Egun osoan zehar izan zen mugimendua eremu horretan; barraken egiturak altxatzen, kableak lotzen, argiak probatzen eta segurtasun egiaztapenak egiten aritu ziren arduradunak.
Kolore eta musika artean, barrakak prest dira festarako. Bihar irekiko dituzte ofizialki barrakak, eta hamar egunez izango dute herriko haurrek eta helduek haietan ibiltzeko aukera. Lehen egunetan bidaia bat 2,5 euroan salduko dute, eta bost bidaiako bonua, 10 eurotan. Barraketako Umeen Eguna, berriz, abenduaren 1ean, astelehenez, egingo dute; egun horretan bidaien prezioa 1,5 eurokoa izango da.
Musikarik gabeko orduak
Bestalde, barrakak irekita dauden egunetan, 18:00etatik 19:00etara artean ez da musikarik jarriko; hau da, ordu isila izango da, "denek ahalik eta modurik erosoenean" goza dezaten tiobiboez. Gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonek lehentasuna izango dute, eta ez dute ilaran zain egon beharko.