Azkoitiak pilotari profesionalen partidak hartuko ditu urtea amaitu aurretik. Hain justu, abenduaren 30ean, asteartez, binakako txapelketaren partidak jokatuko dituzte Gurea frontoian, 17:00etan hasita. Zazpigarren jardunaldia irekiko duen partidak jokatuko dituzte herriko pilotalekuan.
Baiko enpresako Iñaki Artolak eta Jon Ander Imazek osatuko dute bikote bat, eta Aspe enpresako Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak bestea. Azken txapelketa nagusietako protagonista ugari izango dira, beraz, Azkoitian: batetik, Rezusta iazko binakako txapelketako irabazleetako bat –Ezkurdiarekin jantzi zuen txapela– arituko da kantxan, eta bestetik, Artola iazko txapeldunordea –Jon Mariezkurrenarekin osatu zuen bikotea–. Bi horiei Etxeberriaren izena gehitu behar zaie, lau eta erdiko azken txapelketako irabazlearena.
Lehen mailako pilotariena, ordea, ez da arratsaldeko partida bakarra izango; promozio mailako txapelketako partida bat ere jokatuko dute Azkoitian. Dena den, aurrerago emango dute pilota enpresek partida hori jokatuko duten lau protagonisten berri.
Sarrerak, laster
Sarrerak ere ez dituzte oraindik salmentara atera; txapelketaren lehen jardunaldiak jokatu ahala jarriko dituzte saltzen Entradas Fronton atarian. Hala eta guztiz ere, egunean bertan frontoiko leihatilan erosteko aukera ere izango dute hala nahi dutenek.