Haur eta Nerabeen Eskubideen Foroa aurkeztu dute, herriaren garapenean "subjektu aktiboa" izan daitezen

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 19a

Haur eta Nerabeen Foroko eta Azkoitiko Udaleko zenbait ordezkari, gaurko agerraldian. (Ane Olaizola)

Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko egunaren bezperan, haien foroa aurkeztu dute gaur udaletxean. Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga salestar ikastetxeko, Bizilore Eskola Aktiboko eta Azkoitia BHIko hainbat ikaslek osatzen dute foroa, eta "entzunak" izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute. 

Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko eguna izango da bihar, eta horren harira, Azkoitiko Haur eta Nerabeen foroa aurkeztu dute gaur udaletxean hango kidetako batzuek zein zenbait udal ordezkarik. Herriko honako lau ikastetxetako LH5. mailatik DBH2ra arteko ikasleek osatzen dute foroa: Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga salestar ikastetxeak, Bizilore Eskola Aktiboak eta Azkoitia BHIk. Foroaren bidez bide berri bat ireki nahi duela esan du udalak, "herritar gisa" ekarpenak egiteko eta herriaren garapenean "subjektu aktiboa" izateko aukera eman nahi dielako haur zein nerabeei. 

Haietako batzuek parte hartu dute gaurko ekitaldian, eta azaldu dute haurrak zein nerabeak errespetatzen dituen munduan bizi nahi dutela. Besteak beste, aldarrikatu dute eskubidea dutela hitz egiten dutenean "entzunak" izateko. "Gure iritzia entzutea, esandakoa ulertzea eta hari garrantzia ematea eskatzen dugu. Gure hitza errespetatzea nahi dugu. Ez dugu nahi errespetu faltarik, guri barre egiterik eta gure partez hitz egiterik, ezta familia arteko arazo eta eztabaidarik egoterik zein mespretxurik jasaterik ere". Era berean, guztiek eskolara joateko eta hezkuntza jasotzeko eskubidea dutela ere aldarrikatu dute. Horrez gain, ikasleen artean ekintza gehiago antolatu nahi dituztela ere adierazi dute hango kideek, baita gustatzen zaiena egiteko eta dibertitzeko aukera izatea desio dutela gaineratu dute. Beraien nahiak kontuan izan daitezen, berriz, lankidetzarako prest azaldu dira Haur eta Nerabeen Foroko kideak. 

Gizarteak haiek entzun ditzan, hain zuzen, oregano landarea adibidetzat hartu dute modu sinbolikoan, eta antibiotiko naturala delakoan, halako landare ale bat oparitu diote Ana Azkoitia alkateari. Hark, bere aldetik, Tratu Onen Mahaiko zein Haur eta Nerabeen Foroko kideak zoriondu ditu egindako lanagatik, eta esan du hark ordezkatzen duen udalak "haur eta nerabe guztien eskubideak zaindu eta errespetatu" nahi dituela. Hori bermatzeko, "rol garrantzitsua" izango dute bi eragile horiek zein erakundeek beraiek. "Konpromisoa gure egiten dugu, eta prebentzio eta babes politikak sustatzen jarraituko dugu. Aipatu duzue elkar entzutea, errespetatzea, maitatzea eta bakarrik ez geratzea nahi duzuela. Balio horiekin guztiekin bat egiten dugu. Gainera, horretarako ez dago adinik. Eskubideez ari gara, eta eskubide kontuetan ez daukagu atzera egiterik. Gizarte osoak du ardura", esan du alkateak. Era berean, azpimarratu du "denbora gehiago" eskainiko dietela orain haur eta gazteei entzuteko eta haiekin hitz egiteko, beraien iritziak eta beharrak jaso ditzaten, gizarte "justuagoa" eraiki dezaten. 

Plana, datorren urtean

Azkoitiko Udalak duela bi urte hasi zuen arlo horretako lanketa, "tratu on eta babesaren herria" izateko konpromisoa hartu zuenean. Horrekin batera, Tratu On programa jarri zuen martxan, eta trebakuntza eta sentsibilizazio saioak egin dituzte ordutik, Sonia Vazquez Gaztedia zinegotziak azaldu duenez. Iaz, besteak beste, gaiaren inguruko herriko erradiografia egin zuten ikastetxeek, eta tratu onen kudeaketarako mahaia osatu zuten. Udala, bestalde, Tratu on eta babeserako plana sortzen hasi zen iaz, eta zinegotziaren arabera, datorren urtearen hasieran ikusiko du argia plan horrek. 

Ikastetxeek eta udaleko Gizarte Zerbitzuak, Kirol eta Berdintasun sailek, Gazteria sailak, zerbitzu psikosozialak, Udaltzaingoak zein Osakidetzak osatzen dute mahaia, eta horregatik, Tratu On programa "zeharkakotasunetik" lantzen dela goraipatu du Vazquezek. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide