Herritar talde baten ekimenez, Gazaren aurkako genozidioa salatzeko eta Israeli boikota egitea eskatzeko elkarretaratzeak egiten dituzte ostegunero plazan, eta horien deitzaileek jakinarazi dutenez, mobilizazioek beste bide bat hartuko dute orain: hilean bi ostegunetan elkarretaratzeak egiten jarraituko dute, eta beste bietan, mahaia jarriko dute Palestinako banderak edota pinak saltzeko zein Israel boikot ekimenaren inguruko informazioa herritarrei zabaltzeko.
Zehazki, hileko lehen eta hirugarren ostegunetan jarriko dute informazio mahai hori herriko plazan, eta modu horretara, Gazara eta Zisjordaniara diru laguntzak bidaltzeko hara hurbiltzea gonbidatu dituzte herritarrak. Bestalde, hileko bigarren eta laugarren ostegunetan elkarretaratzeak egiten jarraituko dute orain arte bezala; hau da, 19:00etan, plazan elkartzen segituko dute.