Zientzia Kalean egitasmoaren panelak Azkoitian dira. Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak antolatuta, zientziaren ezagutza jendartean zabaltzeko xedea duen panelak eliz atarian egongo dira ikusgai gaurtik hilaren 28ra arte. Egunerokotasunaren parte diren zenbait konturi erantzuten dieten formatu handiko 11 infografia ikus daitezke.
Ilustrazioek erakusten dute egunero kontsumitzen edo erabiltzen diren produktuetan dagoen zientzia zein den. Horrez gain, telefono mugikorren, barra kodeen, autoen, txertoen edo sukaldeko plaken funtzionamendua zein den ere azaltzen dute panelek. Oso ohikoak diren beste elementuei eta jakiei buruzko informazio zientifikoa ere aurkituko dute erakusketara hurbiltzen direnek, hala nola ogiari, jogurtari, iturriko urari, garagardoari, zuhaitzen hostoei edota frutari buruzkoa. Panel bakoitzean QR kode bat aurkituko dute herritarrek, eta bertan infografia guztiak deskargatu ahal izango dituzte, euskaraz zein erdaraz.
Zozketa ikasleentzat
Egitasmo hori, ordea, ez da soilik eliz atarira mugatuko; izan ere, eskoletan eta Herrixen merkatari elkarteko saltokietan ere izango du eragina. Eskoletan beren hezkuntza jardueran txertatuko dute erakusketaren gaia. Gainera, zozketa bat ere egingo dute; ikasleek infografietan oinarritutako galdetegi bat bete ahalko dute, eta udalak tablet bat zozkatuko du galdera guztiei zuzen erantzuten dieten ikasleen artean. Saltokiek, berriz, bere produktuekin edo sektorearekin zerikusia duen posterrak jarri dituzte.