Zabalik da Gabon parkerako eta Udazblai udalekuetarako begiraleentzako lan poltsarako deialdia

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 18a

Iaz bezala, Elkargunean jarriko dute aurten ere Gabon parkea. (Nerea Uranga)

Gabon parkean eta datorren urteko Udazblai udalekuetan begirale lanak egiteko lan poltsa du zabalik udaleko Gazteria sailak. Ostiralean amaituko da deialdian izena emateko epea. 

Azkoitiko Gazteria sailak zabalik du abenduaren amaieran zabalduko duten Gabon parkean eta datorren urteko uztailean egingo duten Udazblai udalekuetan begirale lanetan aritzeko lan poltsarako deialdia. 18 urtetik gorako azkoitiarrei egin die deialdia beste urte batez Gazteria sailak.

Lan poltsa horretan sartzeko, ordea, ezinbesteko baldintza batzuk beharko dituzte hautagaiek. Batetik, nahitaezkoa izango da hark euskaraz hitz egitea, eta bestetik, esperientzia ziurtatzen duen curriculuma ziurtagiriekin zein kontaktuekin entregatzea. Era berean, sexu delituen aurkako ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.

Ezinbesteko baldintza horiekin batera, hautaketa prozesuan parte hartuko duten Gazteriako kideek balio berezia emango diete bestelako kontu batzuei ere. Besteak beste, aintzat hartuko dituzte hautagaiaren bizitokia Azkoitia izatea; aisialdi mailako ikasketak izatea edo begirale zein koordinatzaile tituluak izatea; haurrekin zerikusia duten hezkuntza arloko ikasketak eginda izatea; haurrekin aisialdi programetan esperientzia izatea; eta azkenik, EGA edo baliokidea den titulu bat aurkeztea.

Izena Azkoitiko Gazteria sailaren egoitzan eman daiteke datorren ostiralera bitartean, 16:30etik 20:00etara. Gainera, Gazteria sailak jakinarazi du puntuazio bera duten hautagaien arteko berdinketak lan esperientzia kontutan hartuta hautsiko dituztela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide