Treba Gaztean programaren barruan, Begirada kritikoa: fake news izeneko saioa egingo dute etzi, osteguna, Elkarguneko Artxamendi topalekuan; 18:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute saioa. Begirada kritikoen eta diskurtso ukatzaileen inguruko oinarrizko ikastaroa eskainiko dute han, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.
Saio horren helburua izango da albiste faltsuek gizartean eta erabaki pertsonaletan zein kolektiboetan duten eraginaz kontzientziatzea. Baliabide didaktikoak erabiliko dituzte, nerabeen eta gazteen parte hartzea ahalbidetzeko. Baliozkoa izan daitekeen informazioa emateaz gain, ideiak partekatzeko eta trukatzeko espazioak ere sortuko dituzte.
Saioan parte hartzeko, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea; Artxamendi topalekuan bertan eman beharko da izena, 16:30etik 19:30era bitartean.