Euskaraz lan egiten jarraitu nahi dutela aldarrikatuko dute Gipuzkoako suhiltzaileek bihar

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 17a

Suhiltzaile parke bat. (Guka)

Gipuzkoako Foru Aldundiak 68 suhiltzaile lanpostu betetzeko deialdia egingo du datorren urtean, eta horietatik 23tan ez du euskara jakiterik ez eskatuko. Horrek euren egunerokoa goitik behera alda dezakeela uste dute Gipuzkoako suhiltzaileek, gaur egun euskara baita barne komunikaziorako erabiltzen duten hizkuntza, baita herritarrei zerbitzua emateko garaian lehenesten dutena ere. Aldundiari atzera egin dezala eskatzeko eta herritarrei zer egoeratan dauden jakinarazteko mobilizatuko dira bihar, 11:30ean, Donostian.

Gipuzkoako suhiltzaileek elkarretaratzea egingo dute bihar goizean Donostian, Foru Aldundiak Gipuzkoa Plazan duen egoitzaren parean, euskaraz lan egiten eta herritarrak euskaraz artatzen jarraitu nahi dutela aldarrikatzeko. Izan ere, datorren urtean 68 suhiltzaile lanpostu betetzeko deialdi publikoa egingo du Foru Aldundiak, eta horietako 23k ez dute euskarari dagokion eskakizunik bete beharko.

Horrek euren egunerokoa erabat alda dezakeela uste dute dagoeneko Gipuzkoako parkeetan lanean ari diren suhiltzaileek, gaur egun euskara baita barne komunikaziorako erabiltzen duten hizkuntza, baita herritarrei zerbitzua emateko garaian lehenesten duten hizkuntza ere. "Lantaldera euskaraz ez dakiten lankideak sartzeak badakigu zer ekar dezakeen, euskara bigarren plano batera pasatu beharra, bizitzako beste esparru askotan gertatzen den bezala", azaldu du Joseba Elduaien suhiltzaile sarjentuak. Eta ez daude hori onartzeko prest. Horregatik, bihar elkarretaratzea egingo dute, ados ez daudela adierazi nahi dutelako, eta herritarrek ere jakin dezaten zer egoeratan dauden.  

Elduaienek gogora ekarri duenez, Gipuzkoako suhiltzaileek aspaldi egin zuten euskaraz funtzionatzeko hautua, eta denborarekin indartzen joan den joera izan da hori. "Barne komunikazio guztiak euskaraz egiten ditugu, bilerak euskaraz egiten ditugu, irrati bidezko komunikazioak euskaraz egiten ditugu, eta irteeretan ere euskara da erabiltzen dugun hizkuntza", zehaztu du. 

Orain arte, aldundiak gutxienez euskarako lehen profila eskatu izan du suhiltzaile lanpostu bat lortzeko. "Aspaldi ari ginen beste urrats bat egiteko garaia zela esaten, lehen profila beharrean bigarrena eskatzekoa alegia. Funtzio Publikotik ezetz erantzuten ziguten, ez zela beharrezkoa, gure artean euskara erabiltzen genuela eta bermatuta zegoela hori, eta orain, inongo abisurik eta jakinarazpenik gabe, egun batetik bestera errealitate honekin aurkitu gara: hurrengo urtean aterako dituzten 68 lanpostutatik 23k ez dutela inolako euskara eskakizunik bete beharko". Horregatik, "minduta eta gutxietsita" sentitzen direla adierazi du suhiltzaile sarjentuak.

Datorren urteko deialdiak baldintza horietan aurrera egiten badu, ondorioak aurreikus daitezkeela adierazi du Elduaienek. "Badakigu kasu hauetan ondorioak ez direla proportzionalak izaten. Gipuzkoako suhiltzaileena 350 kideko kolektibo bat da, euskaraz funtzionatzen duena, eta talde horretara euskaraz ez dakiten 23 lagun sartzeak gure errealitatea goitik behera aldatzea ekar dezake: gure komunikazio hizkuntza aldatu egin beharko genuke, eta gaztelaniaz hitz egin. Batzuei irudituko zaie 350tik 23 ez direla asko, baina guretzako izugarri dira". Esan diete langile horiei etorkizunean hizkuntza eskaeraren bat exijitzeko aukera zabalik gelditzen dela, baina hori "tranpa bat" dela iruditzen zaio Elduaieni. "Lehen ere beti esan izan dute hori, eta gero badakigu zer gertatzen den; behin lanean hasita, inor ez dute euskara ikastera behartzen". 

Gauzak horrela, Foru Aldundiari arduraz jokatzeko eskatu nahi diote biharko elkarretaratzearekin, eta baita herritarrei zer egoeratan dauden jakinarazi ere. "Larrialdiak euskaraz artatu daitezke, hala egin dugu gaur artean, eta ez hori bakarrik, beharrezkoa da hala izaten jarraitzea". Herritarrek eguneroko egoera guztietan euskaraz jarduteko eskubidea dutela aldarrikatu du suhiltzaile sarjentuak, eta are gehiago muturreko egoeretan. "Momentu larriak izaten dira, jendea estu egoten da, eta zurea ez den hizkuntza batean jardun beharra oztopo handia izan daiteke informazioa egoki eta zuzen emateko garaian".

Horiek horrela, biharko elkarretaratzeaz gain, datozen asteetan ere mobilizazio gehiago egiteko asmoa dutela jakinarazi du Elduaienek, Foru Aldundiak atzera egin dezan eta suhiltzaile izateko euskara exijitu dezan. "Bera da baldintzak jartzen dituena; beraz, berea da erabakia". Euskararen kontrako oldarraldi judiziala tarteko dela, hainbat prozesu baliogabetu dituztela gogora ekarri du Elduaienek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "hortik nolabait babeste aldera" hartutako erabakia izan dela hau. "Baina horrek ez digu balio, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen. Aldundian eta Legebiltzarrean agintzen ari direnak berdinak dira, eta aspaldi hartu behar zituzten neurriak orain egoera hauek gertatzea saihesteko. Beraien esku dago dena, eta ez du balio orain errua beste batzuei botatzeak". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide