Oriamendi 2010 erremonte enpresak 2026. urtea izango du azkena erremonte profesionalaren kudeaketan. Enpresa horretako kide diren erremontistek eman dute berria, ohar bidez. Kirolarien esanetan, gaur-gaurkoz "zalantzan" dago Euskal Herriko erremonte profesionalaren etorkizuna. "Une erabakigarrian aurkitzen gara", adierazi dute haiek. Iban Larrañaga azkoitiarra da egun enpresa horretako erremontistetako bat.
Erremontearen geroa berma dadin, erremontistek beren konpromisoa azaldu nahi izan dute. "Argi eta garbi adierazi nahi dugu erremontistok guztiz konprometituta jarraitzen dugula erremontearen etorkizunarekin, gure kulturaren eta euskal ondarearen parte garrantzitsutzat jotzen dugun kirol honekin. Erremontea ez da kirol hutsa, ohitura historikoa da, gure lurrean sakon errotua, eta Gipuzkoaren zein Nafarroaren identitatearen parte da", esan dute.
Kirolarien arabera, azken hamabost urteetan kirolariak Oriamendi 2010 enpresarekin "elkarlanean" aritu dira. "Norabide berean arraunean eta gure onena emanez ibili gara, helburu bakarrarekin: gure kirol maite hau bizirik mantentzea". Egoeraren jakitun, erremontistek euskal erakunde publiko guztiei eta kirol zein kultura arloko eragileei dei egin diete; 2027. urtetik aurrera erremonte profesionalaren "jarraipena bermatzeko konpromisoa" har dezaten eskatu diete haiei. "Gure borondatea erabatekoa da: elkarlanean aritzeko, negoziatzeko eta egokitzeko prest gaude, erremonteak etorkizun sendoa izan dezan. Horrez gain, prest gaude edozein erakunde, entitate edo pertsona interesaturekin biltzeko, erremontearen etorkizuna lantzeko".
Erremonteak "bizirik" jarraitzea, eta kirolak euskal kirolaren zein kulturaren "harrotasun eta erreferente" izaten segitzea nahi dute erremontistek. "Ilusioak, pasioak eta konpromisoak batzen gaitu, maite dugun kirol honekin".