Hirunaka batzen jarraitzen du Anaitasunak

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 17a

Julen Aramendi, artxiboko irudi batean. (Anaitasuna)

Gizonek Jon Peñak eta Galder Guembek egindako golei esker lortu zuten zapatuan Txerloian Urki menderatzea. Sailkapeneko bigarrenak dira orain Loren Barbadorenak. Emakumeek, bestalde, 2-1 galdu zuten Añorgan.

Anaitasuna futbol taldearen Gipuzkoako Ohorezko Mailako gizonen taldeak 2-1 irabazi zuen herenegun, zapatua, Txerloia futbol zelaian. Eibarko (Gipuzkoa) Urki futbol taldearen aurka jokatu zuten gorritxoek etxean, eta hirugarren garaipena eskuratu zuten erreskadan. Partidari ekin aurretik, Oihan Etxaniz taldekidearen oroitu ziren jokalariak, hari zuzendutako pankarta bat atera baitzuten taldekideek; Animo Oihan, hirekin gaudek! zioen pankartak. Etxanizek min hartu zuen eskuan aurreko partidan, eta joan den astean bertan egin zioten ebakuntza. Hainbat astez berdeguneetatik kanpo egon beharko du hark. 

Itxurarik onena eman gabe, baina partidak irabazten jarraitzen du Anaitasunak. Oker hasi zen norgehiagoka Loren Barbadok zuzentzen duen taldearentzat, Eibarkoek bosgarren minutuan lortu zuten-eta huts eta batekoaren gola egitea. Dena den, gorritxoek azkar erreakzionatu zuten, eta Jon Ander Peña aurrelariak handik lau minutura lortu zuen berdinketaren gola egitea. Goiz mugitu zituzten markagailuak bi taldeek, baina banakoari eutsi zioten atsedenaldira artean bi taldeek. Bietako inor ez zen joko distiratsua egiteko gai izan Txerloiko berdegunean. 

Aldageletatik bueltan ere oreka nagusitu zen zelaian; minutuek aurrera egiten zuten, eta guztiak berdin jarraitzen zuen. Ordea, 71. minutuan hautsi zuen oreka Anaitasunak. Galder Guembek lortu zuen gorritxoen gola egitea. Azken 25 minutuak aurretik egin zituen Anaitasunak; egoerara moldatzen asmatu zuten etxekoek, bai erasoan, bai defentsan eta Guemberen golari esker poltsikoan zituzten hiru puntuak ziurtatzeko gai izan ziren.

Hutsik egiten ez duena Real Union B taldea da; lehen jardunaldian Anaitasunaren aurka Txerloian galdu zuenetik jokatu dituen bederatzi partidak irabazi ditu Irungo (Gipuzkoa) taldeak, eta hura da sailkapenaren buruan, 27 punturekin. Anaitasuna bigarrena da egun 20 punturekin, eta Elgoibar da hirugarrena, 18 punturekin. Gorritxoek datorren ostiralean jokatuko dute hurrengo jardunaldiko partida, Tolosako (Gipuzkoa) Berazubi zelaian; 19:30ean neurtuko dituzte indarrak Tolosak eta Anaitasunak. 

Porrota Añorgan

Emakumeen Euskal Ligako taldeak, bestalde, 2-1 galdu zuen Añorgaren aurka. Oker ekin zioten partidari gorritxoek, eta aldiz, Anaitasuna baino hobeto hasi zuen lehia etxeko taldeak. Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearen taldeari kostatu egin zitzaion berdegunean kokapen onena hartzea, eta hala, baloi aldaratze guztiak etxekoek lortu zituzten. Modu horretan lortu zuten Añorgakoek bat eta hutsekoaren gola egitea; Anaitasunak gaizki urrundu zuen baloia arean, eta etxeko jokalari batek zetorkion bezala jaurtita, baloia sareetara bidali zuten hamargarren minutuan.

Gorritxoei asko kostatu zitzaien zelai erdian baloiarekin jokoa mugitzea; azken finean, zelai txikira egokitzeko zailtasunak aurkitu zituen Anaitasunak. Dena den, minutuek aurrera egin ahala hobeto sentitu zen Azkoitiko taldea, eta Maria Juaristik banakoa egin zuen 23. minutuan, Jone Sudupe bere taldekideak emandako pase bikain bati esker. Juaristi bakar bakarrik gelditu zen atezainaren aurrean, eta aurrelariak haren aurrean baloia loratuta lortu zuen gola egitea. 

Ordea, atsedenaldiaren aurretik jarri ziren berriro Añorgakoak aurretik. Zelai erdian Anaitasunako hiru jokalari atzean utzi, baloia atera jaurti eta gola egin zuten; Naira Iturbe atezainak ukitu zuen baloia, baina ez etetea, eta hala abantaila hartu zuten etxekoek. Nolanahi ere, atsedenaldira iritsi aurretik izan zituen Anaitasunak pare bat gol aukera on.

Bigarren zatirako jokamoldea aldatu zuen Orue entrenatzaileak, sistema aldatuta. Taldeak lehen zatian baino itxura hobea eman zuen eta berdinketa lortzeko abaguneak sortu arren, ez ziren lehia orekatzeko gai izan. Etxekoen atezainak eta defentsak ekidin zituzten gorritxoen golak Rezola zelaian. Saiatu zen Anaitasuna epaileak amaiera adierazi arte puntu bat urratzen, baina motz egin zitzaien lehia. 

Bederatzi partida jokatuta, sailkapeneko bederatzigarren postuan da Anaitasuna, bederatzi punturekin. Datorren zapatuan, 15:30ean, Ugao taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak gorritxoek, Txerloia futbol zelaian. Sailkapeneko hamalaugarren postuan daude Ugaokoak (Bizkaia), Anaitasunak baino bi puntu gutxiagorekin. Lehia irabaztea eta atzeko postuak nahiz aurkariak urruntzeko abagune ederra izango dute Oruerenek etxeko zaleen aurrean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide