Plaza Ondok datorren astean ospatuko du aurtengo Jubilatuen Astea

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 17a

Iazko Jubilatuen Asteko bazkaria. (Plaza Ondo)

Herriko jubilatuen elkarteak askotariko ekintzak antolatu dituzte aurten ere. Besteak beste, hitzaldiak, bisita gidatua, karta joko zein bingo txapelketak, txokolate jana eta bazkaria egingo dituzte. Hain justu, bihar zabalduko du Plaza Ondok abenduaren 7an egingo duten bazkarirako izen ematea. San Andres eguneko mokadurako txartelak, berriz, gaurtik aurrera jaso daitezke.

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak prest du aurtengo Jubilatuen Asteko egitaraua. Datorren astean izango dituzte ekintza gehienak, nahiz eta abenduaren 7an, igandez, egingo duten bazkariarekin borobilduko duten astea. Aurtengorako ere askotariko ekintzak antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, bisita gidatua, karta joko zein bingo txapelketak, txokolate jana eta bazkaria egingo dituzte.

Astelehenean, hilak 24, hasiko dute Jubilatuen Astea. Miguel Angel Domenech erlaxazio eta meditazio tekniketan aditua denak emango du hitzaldia 11:00etan, Plaza Ondoren elkartean; burmuinaren kontrola lortzea xede duen erlaxazio tekniketako Silvaren metodoan da hura graduatua. Egun berean, baina arratsaldez, Gurutze Gorriko ordezkarien bisita jasoko dute Plaza Ondoren egoitzan. Nahigabeko bakardadeari buruzko hitzaldia eskainiko dute haiek, 16:00etan hasita.

Asteartean, Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista ofizialak zuzendutako bisita gidatua egingo dute. Herriko hainbat kontu eta historia ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, eliz ataritik 10:00etan abiatuta. 16:30ean, berriz, tute, eskoba eta seiko urre txapelketen aurre kanporaketak jokatuko dituzte elkartean. Asteazkenean, berriz, karta joko txapelketa horien finalerdiak eta finalak jokatuko dituzte elkartean, 16:30ean hasita. Ostegunean, bestalde, bingo berezia egingo dute. Elkarteak jakinarazi duenez, bingo bakoitzeko 10 euro emango dituzte, eta bingo joko bakoitzaren lerroko, 5 euro. Ostiralean, azkenik, txokolate jana egingo dute Plaza Ondoren egoitzan, 16:30etik aurrera. 

Bestalde, San Andres egunean, hilaren 30ean, pintxoa eta ardoa eskainiko dizkie elkarteak bazkideei. 11:00etatik 13:00etara bitartean, doan eskainiko du jubilatuen elkarteak mokadua, baina elkarteko arduradunek Plaza Ondoko bazkide txartela eskatuko diete bazkideei. Dena den, gaurtik aurrera banatuko ditu Plaza Ondok mokadua egiteko txartelak. 

Bazkaria, abenduaren 7an

Abenduaren 7an, igandez, lagunarteko bazkaria eginda itxiko du Plaza Ondok Jubilatuen Astea. Aurrena, 11:00etan, meza nagusia egingo dute, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute. Otordu horretarako izen ematea bihar, asteartea, zabalduko du elkarteak eta abenduaren 2an, asteartez, itxiko du. Plaza Ondoko bazkideek 45 euro ordaindu beharko dute izen ematea, eta bazkide ez direnek, 50 euro.

Hona hemen 2025. urteko Plaza Ondorren Jubilatuen Asteko egitaraua: 

Azaroak 24, astelehena:

  • 11:00. Erlaxazio eta meditazio teknikei buruzko hitzaldia Miguel Angel Domenech adituaren eskutik, Plaza Ondoren elkartean.
  • 16:00. Nahigabeko bakardadeari buruzko hitzaldia Gurutze Gorriko ordezkarien eskutik, Plaza Ondoren elkartean.

Azaroak 25, asteartea:

  • 10:00. Juan Bautista Mendizabalek gidatutako bisita gidatua, eliz ataritik abiatuta.
  • 16:30. Tute, eskoba eta seiko urre karta joko txapelketen aurre kanporaketak.

Azaroak 26, asteazkena:

  • 16:30. Tute, eskoba eta seiko urre karta joko txapelketen finalerdiak eta finalak.

Azaroak 27, osteguna: 

  • 16:30. Bingo berezia, Plaza Ondoren elkartean. 

Azaroak 28, ostirala:

  • 16:30. Txokolate jana, Plaza Ondoren elkartean.

Abenduak 7, igandea:

  • 11:00. Meza, parrokian.
  • 14:00. Bazkaria, Joseba jatetxean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide