Seigarren garaipena poltsikoratuta omendu ditu ISBk min hartutako jokalariak

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 17a

Adria Moncanut izan zen atzo taldeko onena. (Mikel Amenabar 'Otola')

Hutsuneak hutsune, Biele ISB denboraldiko seigarren garaipena lortzeko gai izan zen atzo, Azpeitiko kiroldegian. Sailkapeneko bigarren postuan da orain Iñigo Nuñezen taldea. Etzi, asteazkena, Espainiako Kopako final zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute otsoek etxean, Super Agropal Palenciaren aurka (20:00).

Biele ISBk denboraldiko seigarren garaipena eskuratu zuen atzo, igandea, Azpeitian. CB Toledo Basket taldearen aurka aritu ziren otsoak, eta 83-79 irabazi zuten. Esku eskura izan zuten garaipena arriskuan ikusi zuten amaieran Iñigo Nuñez entrenatzailearen gizonek. Garaipena eskuratuta, lesio larriak dituzten Unai Barandalla, Djibril Sakho eta Jordan Jermain omendu zituen ISBk. 

Lehiaren hasieran egon ziren bakarrik aurretik bisitariak (6-7). Ordutik aurrera, partidako aginte makila Nuñezen gizonena izan zen. Hirukoak bata bestearen atzetik saskiratu zituzten otsoek. Erraztasun handiz lortu zuten etxekoek puntuak pilatzea; Moncanutek, Atxak, Niangek, Olaizolak eta Aizpitartek, azken horrek birritan, sei hiruko hutsik egin gabe eta jarraian lortu zituzten. Bisitariek ere erantzun egin zuten, ordea, eta azkenean, 25-20 amaitu zen aurreneko laurdena.,

ISBk nagusi izaten jarraitzen zuen, puntu iturria 6,75 metroan aurkituta. Saiatu ziren bisitariak kantxaren lau ertzak hobeto zaintzen, baina orduan zuloa uztaipean aurkitu zuten etxekoek. Niangen lanari eta atsedenaldiaren aurretik Ierai Aizpitartek lortutako hiruko bati esker, Azkoiti-Azpeitikoak hamahiru puntura urrundu ziren (52-39). Hamalau hiruko jaurtiketa egin eta bederatzi asmatu zituen ISBk lehen zatian. 

Jokalariak, zaleei eskerrak ematen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Atsedenaldiaren ostean, hasieran behinik behin, ISBk erritmoa azkartu zuen, eta ez soilik jokoan. Lehen zatiko zaplaztekoak txikitik gutxi izan bazuen, hirugarren laurdenaren hasierakoa ez zen samurragoa izan Toledokoentzat. Nuñezenek hiruko lerrotik egindako jaurtiketen portzentaia hobetu egin zuen orduan, gutxi gorabehera, minutuko hiru puntuko batezbestekoa lortuz. 

Handik aurrera, baina, gauzak aldatzen hasi ziren. Batetik, Iñigo Mirandari teknika adierazi zion epaileak. Partidako bere bosgarren falta adierazi zioten hari, eta horregatik, kantxa utzi behar izan zuen hark. Gerora, taldeak nabaritu egin zuen Mirandaren hutsunea, edo behintzat, haren kaleratzeak eragina izan zuen taldean; izan ere, bisitariak markagailuko tartea txikitzen hasi ziren. Azken laurdena jokatzeko zela, hamar punturaino hurbildu ziren haiek (71-61). 

Azken laurdenari ere kementsu ekin zioten kanpokoek; Toledok lan ona egin zuen defentsan. Bestaldean, bazirudien ISBri puntuak agortu egin zitzaizkiola, oso kamuts azaldu ziren-eta saskiaren aurrean. Jaurtiketa ia guztiak huts egin zituzten otsoek. Hori hala, 3-19ko partziala eskuratu zuten bisitariek, markagailuan sei puntura hurbiltzeraino. Atxak lortu zuen etxekoen bolada txarrari etena ematea, baina Toledokoek fin eutsi zioten beren jokamoldeari, eta lau puntura gerturatu ziren.

Nola taldea, hala harmaila, urduritzen hasi zen azken minutuetan. Bisitariak jokaldi bakar batera hurbildu ziren hurrengo jokaldian (81-79), baina, azkenean, jaurtiketa libreen lerrotik ebatzi behar izan zuen lehia ISBko gizonik onenak; Moncanutek bi jaurtiketak saskiratu zituen, eta hala, garaipena ziurtatu zuen ISBk. Toledokoak aurka zituzten 22 puntu iraultzear izan ziren bigarren zatian, baina, azkenean, otsoek ez zioten horretarako baimenik eman (83-79).

Garaipena pilatuta, sailkapeneko bigarren postuan da orain ISB, partida guztiak irabazita dagoen Coto Cordoba CB taldearen atzetik. Mohamed Niang pibotak saskiratu zituen atzo puntu gehien (20 puntu), baina taldeko onena, zalantza izpirik gabe, Moncanut izan zen; hark 26 puntuko balorazioa lortu zuen, besteak beste, hamahiru puntu saskiratuta, lau errebote pilatuta eta zortzi asistentzia emanda.

Etzi, kopako partida

Asteazkenean Biele ISBk Espainiako Kopako final zortzirenetako partida jokatuko du Azpeitian. Lehenengo FEB Mailako Super Agropal Palencia taldearekin neurtuko ditu indarrak Nuñezen taldeak, 20:00etan hasita. Arerio zaila dute otsoek, baina ezustekoa ematen saiatuko dira haiek beren zaleen aurrean. Palencia taldean ari da egun ISBren harrobian hazitako Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarra. 

Kopako partida horren ondoren, ISBk datorren asteburuan etxetik kanpo aritu beharko du ligan. Sailkapeneko azkenaren etxea bisitatuko dute otsoek zapatuan, 20:00etan. Hain zuzen, Castillo de Gorraiz Valle de Egües taldea izango dute arerio Nuñezenek.

Emakumeek, berriz, atseden hartu duten igaro den asteburuan, eta datorren zapatuan berrekingo diote lehiari. Sernova Renovables Real Canoe taldearen bisita jasoko du Luis Agirre Katxi-ren taldeak. 18:00etan hasiko da partida, Azkoitiko Elkargunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide