Giro paregabea eta irabazle sorta, X. San Martin mendi lasterketan

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 15a

San Martin mendi lasterketa jokatu dute goizean auzoan, eta helduen proban, 170 bat lagunek parte hartu dute. Gizonetan, Borja Zubizarreta izan da garaile; bikote mistoetan, Jon Intxausti eta Naroa Uria; eta emakumeetan, Elene Aldalur. Arratsaldean jarraituko dute festek. 

San Martingo festen barruan, izen bereko mendi lasterketa jokatu dute gaur goizean auzoaren muinoan eta haren inguruetan, eta probaren hamargarrengo aldian ere giro paregabea nagusitu da, dozenaka korrikalari ez ezik, herritar ugari bertaratu baita festara. 

Ermitako kanpaiek hamaikak jo dituenean ekin diote lasterketari proba nagusian parte hartu duten 170 bat lagunek. Aurten, aurreko urteetan baino ibilbide luzeagoa egin behar izan dute horiek; bederatzi kilometro eta 450 metroko desnibela izan ditu ibilbideak, eta San Martin inguruetan barrena aritu dira parte hartzaileak lasterka. Hiru kategoriatan jokatu dute proba, eta gizonetan, Borja Zubizarreta izan da garaile, 00.44.07 denbora eginda; bikote mistoetan, Jon Intxausti eta Naroa Uria izan dira bizkorrenak, 00.55.28 eginda; eta emakumeetan, Elene Aldalur helmugaratu da aurrena, 00.59.23 denborarekin. Lau lagun horiek jaso dituzte lasterketako sari nagusiak, eta zozketa ugari ere egin dituzte korrikalari guztien artean. 

Helduen proba baino lehen, 16 urtetik beherakoena jokatu dute lehenengo aldiz, eta han dozenatik gora lagunek parte hartu dute. Jendetsuagoa izan da umeena, eta dozenaka umek eman diote itzulia auzoaren zati bat. Primerako giroan gauzatu dituzte lasterketa guztiak, eta saioak borobiltzeko gozokiak eta hamaiketakoa izan dituzte parte hartzaile guztiek Mikologia elkartean. 

Atzo iluntzean hasi ziren sanmartinak izen bereko auzoan, Ardatz elkartean egin zuten bertso afariarekin. Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariekin gozatzeko aukera izan ziren bertso afarira joan ziren 40 bat lagunek, Anartz Zubizarreta eta Enaitz Alberdi trikitilariek girotuta.

Orain arteko saioen ostean, arratsaldean jarraituko dute festek San Martinen. Mus txapelketa egingo dute Ardatzen 16:00etan hasita, eta bikoteek 15:00etan eman beharko dute izena, 25 eurotan. Sariei dagokienez, bikote irabazleak 300 euro, txapel bana eta garaikurra jasoko ditu, eta txapeldunordeak 150 euro eta garaikurra. Era berean, zozketak egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. 

Igandea ere betea izango da elkarte horretan. Izan ere, 11:00etatik aurrera hamaiketakoa eskainiko dute trikitilarien erromeriarekin batera, eta arratsaldean, 16:00etan, umeen jolasekin borobilduko dituzte festak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide