Zer dela-eta etorri zinen Azkoitira?
Kirol jardueretako goi mailako ikasketak egin nituen, eta Rotan sorosle lanetan ari nintzela, azkoitiar bat ezagutu nuen Tinder bidez. Hasieran, Cadizen barrena ibili ginen furgonetarekin bidaiatzen, baina gero, Azkoitira etortzea proposatu zidan; oso ondo konpontzen ginenez eta Cadizen lan kontuak egoera onean ez zeudenez, onartu egin nuen eskaintza. Egia esan, asmatu egin nuen; iritsi eta bi hilabeterako lan on bat aurkitu nuen.
Non hasi zinen lanean?
Domusan jardun nuen aurrena, eta ordutik ez diot lan egiteari utzi. Domusan kaleratze kolektibo bat gauzatu zuten, ordea, eta jasotako kalte ordaina soldadura ikasteko baliatu nuen. Gaur egun soldaduran egiten dut lan, Azpeitiko Oñaz enpresan. Jendeak flipatu egiten du soldadura gustatu egiten zaidala esaten dudanean, baina hala da; lan oso entretenigarria da niretzat.
Eta Azkoitia gustatu al zaizu?
Bai, bereziki, asko. Iritsi berritan, harrituta gelditu nintzen panoramarekin. Etxeko leihotik begiratzean ikusten dudan irudia zoragarria da: Kakueta aurrez aurre ikustea... Rotako hondartza utzita mendi aldera etorri naiz, nahiz eta asko gustatzen zaidan itsasoa.
Iristean zerekin egin zenuen topo?
Azkoitia herri oso polita da, baina herritarren komunitatea, jendea, are ederragoa. Txorakeria bat da, baina gazte batek zertan jartzen du arreta nonbaitera iritsi berritan? Azkoitiko gaua nolakoa zen jakin nahi nuen. Berehala ikusi nuen mugimendu handia izaten dela zapatuetan. Gainera, arreta piztu du nigan gazteek duten antolatzeko gaitasunak; Holz Und Blech jaialdia da adibideetako bat. Han ez dago halakorik.
Parranda aipatu duzunez eta Cadizkoa zarenez... Zer moduzkoak dira Azkoitiko karnabalak?
Cadizkoen oso desberdinak; izan ere, han kantua, txirigotak, konpartsak, romantzeroak... dira karnabaletako protagonistak. Abuztuan-edo hasten dira prestaketekin, eta karnabalak iristen direnean, mundu guztiak irteten du kalera. Hemen, berriz, kuadrillaka prestatzen dira mozorroak, eta festatik gehiago dute karnabalek. Kantu kontuen falta sumatu izan dut Azkoitiko karnabaletan.
Nolako jendea ezagutu duzu Azkoitian?
Nire pertzepzioa ez da izango beste batek duenaren parekoa; izan ere, Cadizkoa izateak eman dizkit erraztasun batzuk. Ni irekia naiz, eta jendea irekia da nirekin. Ate asko ireki dizkidate herritarrek.
Euskaldunak itxiak direla esaten dute ba askok...
Kaka zaharra [barrez]. Bai, bai, Euskal Herriko beste lekuetan bizi diren lagunek eta ezagunek hala esaten dute, baina Azkoitian denok ezagutzen dugu elkar: tabernan laster hasten da jendea hizketan, zaborra ateratzera irten eta hainbat lagun agurtzen ditut...
Lagunak egin al dituzu?
Bai, bai, kuadrilla ere badaukat. Aurreko batean bakarrik joan nintzen Palestinaren aldeko manifestazio batera, bai bainekien ezagunen batekin egingo nuela topo.
Azkoitira etorri zinenetik itzuli al zara Cadizera?
Bai, askotan. Oporrak ditudan bakoitzean joaten naiz hara, eta pena ere ematen dit horrek, beste mila leku ezagutu ditzakedalako. Baina ikaragarri gustatzen zait sorterria, eta... Gainera, iloba bat ere badaukat, eta hura ikustea nahi izaten dut.
Sorterriaren falta sumatzen al duzu?
Aldiro gutxiago [barrez]. Azkoitian nire lekua aurkitu dut, eta gainera, etxera itzultzen naizen bakoitzean lagun gutxiagorekin egiten dut topo; izan ere, Cadiz da Europan langabezia tasa altuena duen hiria, eta handik lan bila alde egiten dute gazteek. Han ez nuke edukiko baldintza duinetan lan egiterik.
Itzuliko al zara inoiz berriro Rotara bizitzera?
Ez, Azkoitian bizi nahi dut eta hasita nago etxe bat erostea pentsatzen ere. Asko maite dut Cadiz, herri oso polita da Rota, baina...