Maspalomas ikusita etxera nindoan; igande gaua, 21:45 inguru. Zebra bidea gurutzatzear nintzen, eta ikusi nuen auto bat bazetorrela, baina oraindik biribilgunean zen, urruti. Errepidera atera nintzen orduan, baina zuk, ni ikustean, ez zenuen balazta zapaldu, azeleragailua baizik. Sekula egin dudan azkarren egin nuen korrika espaloira iristeko, jota bertan harrapa ez nintzazun. Azken unean, bai, ia nire gainean zinenean, orduan sakatu zenuen balazta. Ia arnasik gabe gelditu nintzen, ezin nuen gertatu zena sinistu. Baina zuk ez zenuen inolako sustorik hartu. Zu eta zure ondoan eserita zihoan laguna barrez ikusi zintuztedan. Han joan zineten, Azkoiti aldera, ezer gertatu ez balitz bezala. Eta ni etxera, mundua gainera erori balitzait bezala.
Seat Leon beltza. Artzubiko biribilgunea. Halcon bidaien egoitzaren aurreko errepidea. Kalean inor ez, eta ni han, zebra bidean. Inor testigu izan ez zen zuen jolas horren biktima. Nori azaldu, zer azaldu.
Zure aurpegia gogoan daukat. Uste dut berriz ikusten bazaitut ezagutuko zaitudala. Baina ezin jakin dezaket aukera hori izango ote dudan. Beraz, hementxe idatziko dizut orduan esateko gai izan ez nintzena.
Kalean inor ez, eta ni han, zebra bidean. Inor testigu izan ez zen zuen jolas horren biktima
Sinesten dut mundu honetan jaio garen guztiok berdinak garela, izan emakume, gizon, ez binario edo trans. Izan heterosexual, homosexual edo bisexual. Beltz, hori edo zuri. Horregatik, ideia horien kontra hitz egiten didaten guztiei kontra egiten diet unea suertatzen den bakoitzean, are gehiago ideia erreakzionarioak gero eta gehiago hedatzen ari diren garaiotan. Horregatik ekarri genuen behin Saharako haur bat etxera, horregatik daukat balkoian Palestinako bandera jarrita, eta horregatik kasu egiten diet Kabari eta Makeberi galtzerdiak edo aterkia saltzeko asmoz hurbiltzen zaizkidan bakoitzean.
Eta horregatik idazten ditudan albisteetan, delitu bat tartean bada, ez dut erasotzailearen herrialdea zehazten, sinesten dudalako hangoak bezain erasotzaile izan daitezkeela hemengoak, eta ez dudalako nahi kanpotik etorri diren herritarrak seinalatuak izan daitezen.
Igande iluntze hartan, Seat Leon hartan, irribarrez ikusi zintudanean, une batez ideia horiek denak goitik behera eroriko zitzaizkidala pentsatu nuen, isildu ezin nuen negar zotin batean etxera nindoala. Baina benetan diotsut, ez duzula lortuko aurrekoek egin duten lanaren ondorioz nire zutabe bilakatu diren oinarri horiek iraultzea.
Zebra bideak bezala, zuk eta nik bi kolore izango ditugu, baina eskertuko nizuke bidearen nire aldera etorri eta zu bezalakoak seinalatzen dituztenei oker daudela demostratzen laguntzea.