Astearteko kanpai festaren ondotik, San Martin auzoan prest dituzte festak. Bihar hasiko dira asteburu osoan luzatuko diren jaiak, eta bertso zein trikiti doinuz ekingo diete auzoko festei. Izan ere, aurten egitarau bateratua prestatu dute auzoko Mikologia eta Ardatz elkarteek, eta poteoa, trikitilariak nahiz bertso afaria izango dira aurreneko eguneko festen osagarriak.
20:00etan, poteoa hasiko dute Ardatzen, eta Mikologia elkartean jarraituko dute horretan, Anartz Zubizarreta eta Enaitz Alberdi trikitilariek girotuta. Ondoren, bertso afaria egingo dute 21:00etan, Amets Arzallus zein Jon Maia bertsolariekin.
Larunbat goizean jarraituko dute sanmartinak ospatzen, eta Mikologia elkartearen bueltan, San Martin mendi lasterketa jokatuko dute hamargarrenez. Hainbat berrikuntza izango du aurtengo probak, aurrenekoz, 16 urtetik beherako gaztetxoei zuzendutako beste lasterketa bat ere prestatu baitute antolatzaileek. 10:00etan hasiko da horien lasterketa, eta korrikalariek lau kilometro eta 180 metroko desnibela dituen ibilbidea osatuko dute inguruko mendi eremuetan.
Horrenbestez, hiru lasterketa izango dira egun horretan. 10:40ean, umeen korrikaldia hasiko da, eta ohi bezala, horiek itzuli bat egin beharko diote auzoan. Haien segidan hasiko da, azkenik, lasterketa nagusia; hau da, helduena. Ermitako ordulariak 11 kanpai jotzearekin batera ekingo diote probari korrikalariek, eta aurten bederatzi kilometro eta 450 metroko desnibela izango ditu mendi ibilbideak.
Izen emateari dagokionez, haurrek zein gaztetxoek ez dute inskribatu beharrik izango, eta nahikoa izango dute lasterketa hasi baino minutu batzuk lehenago hara agertzearekin. Helduek, berriz, izena eman beharko dute 10:00etan Mikologia elkartean. Banaka lehiatzeko asmoa dutenek 15 euro ordainduko dute, eta bikote mistoek, 30 euro. Ondoren, dutxa zerbitzua jasoko dute kiroldegian.
Musa, jan-edana eta jolasak
Larunbatean arratsaldean, berriz, mus txapelketa egingo dute Ardatzen 16:00etan hasita, eta bikoteek 15:00etan eman beharko dute izena, 25 eurotan. Sariei dagokienez, bikote irabazleak 300 euro, txapel bana eta garaikurra jasoko ditu, eta txapeldunordeak 150 euro eta garaikurra. Era berean, zozketak egingo dituzte parte hartzaile guztien artean.
Igandea ere betea izango da elkarte horretan. Izan ere, 11:00etatik aurrera hamaiketakoa eskainiko dute trikitilarien erromeriarekin batera, eta arratsaldean, 16:00etan, umeen jolasekin borobilduko dituzte festak.
Hemen egitaraua, osorik:
- Azaroak 14, ostirala:
- 20:00etan, poteoa, Ardatz elkartetik, trikitilariekin.
- 21:00etan, bertso afaria Ardatz elkartean, Jon Maia eta Amets Arzallusekin.
- Azaroak 15, larunbata:
- Goizean, X. San Martin mendi lasterketa, Mikologia elkartearen paretik abiatuta.
- 10:00.16 urtetik beherakoen lasterketa.
- 10:40. Umeen korrikaldia.
- 11:00. Helduen lasterketa.
- 16:00etan, mus txapelketa, Ardatz elkartean.
- Goizean, X. San Martin mendi lasterketa, Mikologia elkartearen paretik abiatuta.
- Azaroak 16, igandea:
- Goizean, hamaiketakoa eta trikitilarien erromeria.
- 16:00etan, umeen jolasak.