470 urte beranduago ere, San Martin egunean kanpai hotsak nagusi

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 11

Goizean eskoletako haurrak izan dira San Martin ermitan, hango kanpaiari jotzeko. Ordea, helduak ere etenik gabe ari dira ermitara igotzen, kanpai hotsek ez baitute atsedenik ematen gaur. 470 urte bete ditu gaur azkoitiarren azaroaren 11ko ohitura bereziak.

San Martin eguna da gaur, azaroaren 11a, eta ohitura den moduan, Azkoitiko San Martin auzoko ermitako kanpaiak etenik gabe ari dira dilin-dalan. Eguraldia lagun, goizean goiz entzun dira aurreneko kanpai-hotsak, eta harrezkero, sarri-sarri ari dira herritarrak hango makilari tiraka.

Goizean zehar, eskoletako haur eta irakasle andana igo da ermitara, baina, tarteka-tarteka, herritarrek ere izan dute kanpaiari tira egiteko aukera. 11:00etan, meza nagusia egin dute ermitan Felix Azurmendi parrokoak zuzenduta, eta elizkizuna amaitu arte ez da izan kanpaia jotzerik. Ordea, meza amaitutakoan ilara luzeak sortu dira, eta askok bere adina beste kanpaikada jo dituzte.

Mendeetako ohitura du bizirik Azkoitiak; izan ere, gaurko usadioaren ohitura XVI. mendekoa da. 1555. urteko ekainaren 18an, ekaitz gogor bat sartu zen herrira; sekulako harri-erauntsia bota zuen Azkoitian, hainbat baserritan nahiz etxetan eta horien jabeen uztetan kalte nabarmenak eraginez. Ermita dagoen tontorretik herrira etor zitekeen guztia ikusten zenez, San Martin ermita hautatu zuten azkoitiarrek, hango kanpaia joaz herriari abisua emateko.

Era berean, konjuru edo erritu gisa ere hasi ziren San Martingo ermitako kanpaiak astintzen, laino beltzak ikusitakoan kanpaia jotzen baitzuten. Udaletxeak 1555. urtean bertan jarri zuen kanpaia jotzeko protokoloa; Juan Saiz Aranburu alkatea buru zuen udal gobernuak hartu zituen neurriak. Orduko erabaki hari jarraipena emanez, herritarrek kanpaia jotzeko ohiturari eusten diote 470 urte geroago ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide