Zumarragako ospitalean bloke kirurgiko berria eraikiko dute 2028rako

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 12a

Zumarragako ospitala. (Guka)

Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak jakinarazi dutenez, 75 milioi euroko inbertsioa egingo dute arreta asistentziala indartzea eta eskualdeko kirurgia zerbitzuak modernizatzea xede duen eraikina egiteko. Alkateak Osasun saila zoriondu du, Zumarragako ospitalearen aldeko "apustua" egiteagatik. 

Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak Goierri-Urola Garaiko ESIri dagokion –100.000 bizilagun inguru biltzen ditu— Zumarragako ospitalean egingo dituzten lanak iragarri dituzte gaur: 75 milioiko inbertsioarekin, ospitaleko bloke kirurgiko berria eraikiko dute, arreta asistentziala indartzeko eta eskualdeko kirurgia zerbitzuak modernizatzeko asmoz. 

Egungo fatxada nagusiaren aurrean eraikiko dute bloke kirurgiko berria, eta bi eraikinak pasabide bidez egongo dira lotuta. Eraikinak 17.000 metro koadroko azalera izango du guztira, zortzi solairutan banatuta: aurreneko bost solairuak asistentzia jarduerara bideratuta egongo dira, eta besteak beste, bederatzi operazio gela, Minaren Unitate bat, hemodialisirako hemezortzi postu, endoskopietarako hamalau postu eta esterilizazio-gela bat izango ditu. Gainerako hiru solairuak, berriz, aparkaleku gisa eta eraikineko instalazio teknikoetarako erabiliko dituzte. 

Proiektua estrategikotzat jo dute erakundeek, azpiegitura berriak egungoak "nabarmen" hobetu, itxaronaldia murriztu eta zirkuitu asistentzialak zein logistikoak optimizatuko dituelakoan. Era berean, osasun langileei lan baldintzak hobetzen lagunduko diela ere azaldu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta ospitaleak herritarren eskaera "gero eta handiagoari" erantzuteko duen gaitasuna indartuko duela gaineratu. “Osasun-arreta etengabe hobetzearen eta ongizatean haztearen aldeko apustu irmoa da, bai hemen lan egiten duten pertsonentzat, bai gure pazienteentzat. Inbertsio handia ospitale moderno, funtzional eta prestatuago baterako, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko”, adierazi du.

Ana Azkoitia alkatearen ustez ere "oso albiste ona" da iragarri dutena, eta Osasun saila zoriondu du hark, Zumarragako ospitalearen aldeko "apustua" egiteagatik. "Azkoitiko herritarrek gehien erabiltzen duten ospitalea da, eta erabiltzaileak izango dira onuradun nagusiak".

"Afekzio puntualak"

Aurrekontu osoaren barruan, 58 miloi euro obra eta udal lizentzietarako erabiliko ditu Jaurlaritzak, eta gainerako 17 milioi euroak eraikin berriaren hornidurarako. Aurki hasiko dituzte obrak, eta kanpoaldeko obra izanda, ospitaleko arreta prozesu osoan zehar "normaltasun osoz" mantenduko dutela agindu dute. Dena den, eremu batzuetan "afekzio puntualak" aurreikusi dituzte, hala nola aparkalekuetan, bideetan eta autobusen geralekuetan. Ordea, ESI horrek "beharrezko neurriak" hartuko ditu lanek "ahalik eta eragin txikiena" izan dezaten. 

Jaurlaritzak aurreratu dutenez, datozen asteetan ospitaleko sarrera nagusiaren aurrean dauden hainbat aparkaleku kenduko dituzte, eta sarbide nagusiaren eskuinaldean dagoen aparkalekua erabilgarri egongo da. Barruko zirkulazioan ez du eraginik izango, "behar bezala seinaleztatu eta aldez aurretik jakinaraziko diren mozketa puntualetan" izan ezik. Obrak 2028ko abendurako amaitzea aurreikusi dute erakundeek. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide