Bukatzen ez den zenbaketa

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 11

Jendetza Loiolako Santutegiaren atarian, 1952an; Espainiako diktaduraren erromesaldi eta gorespen gunea izan zen. (Paco MarĂ­ / Kutxateka)

Gaur-gaurkoz ez dago jakiterik errepresio frankistak zenbat biktima eragin zituen Urola Kostan, informazioa eta datuak biltzeko eta egiaztatzeko oztopoak asko direlako oraindik ere. Guka Francoren heriotzaren 50. urtemuga dela-eta egiten ari den lanketako laugarren erreportajea da honako hau.

Argi dago herritarrak eta horien bizipenak eta lekukotasunak direla garrantzitsuenak, baina zenbakiek beti laguntzen dute gatazka baten tamaina zenbatekoa den ulertzen, eta kasu honetan, lagunduko lukete frankismoaren orbainaren dimentsioa zehazten ere. Gaur-gaurkoz, ordea, ba al dago jakiterik errepresio frankistak zenbat biktima utzi zituen Urola Kostan? Bada, ez; edo behintzat, ez zehatz-mehatz. 

Azken urteetan tokiko hainbat eragilek zein erakundek eta Eusko Jaurlaritzak lanketa handia egin dute memoria historikoari buruzko informazioa eta datuak biltzen, kasu askotan Aranzadi zientzia elkartearen laguntzarekin; eta Urola Kostan ere halaxe izan da. Azpeitikoa izan zen Aranzadira jo zuen eskualdeko aurreneko udala; 2013an hasi zuten bien arteko lankidetza. Dozenatik gora urteotan pauso sendoak eman dituzte memoria historikoaren ikerketan eta hedapenean, eta esan liteke Azpeitia dela 1936ko gerra hasi zenetik gaur egunera arteko memoria historikoa sakon ikertu duen Euskal Herriko lehen herria. Lanketa horren emaitza gisa, hainbat argitalpen kaleratu dituzte Aranzadik eta Azpeitiko Udalak elkarlanean, baita webgune bat sortu ere: azpeitiaoroimena.eus. Baina ez pentsa Azpeitian ere egin beharreko guztia dagoeneko eginda dutenik. Horren erakusgarri da aurtengo irailean bertan zientzia elkarteak eta Azpeitiko Udalak datozen bi urteotarako egin duten lankidetza hitzarmen berria. Horri esker, udalak 20.000 euro jarriko ditu Aranzadik 1936ko gerran erbesteratutako haurren inguruko ikerketa egin dezan. Beraz, lanak aurreratuen dituen herria izanagatik, han ere oraindik bada zer ikertua eta azaleratua.

Azpeitiak hasitako bide horretara eskualdeko beste zenbait herri batu dira ondorengo urteotan, eta zientzia elkartearekin hitzarmenak eginda, 1936tik 1975era arteko eskubide urraketen inguruko informazio ugari bildu dute, baita hori herritarren eskura jarri ere. Besteak beste, Aian, Azkoitian, Getarian, Orion, Zestoan eta Zumaian ari dira horretan, eta 1936tik 1975era arteko urteak etapatan banatuta errepresio frankistaren biktimen inguruko informazioa bistaratzen ari dira.      

Hamaika oztopo

Lanketa hori egitea, ordea, neketsua da, eta biktimak zenbatzea zaila, Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariaren hitzetan. Horren atzean hainbat arrazoi daudela esan du, era askotako oztopoak topatzen dituztela; besteak beste, artxiboen eta zenbait artxibozainen hermetismoa, informazioa hainbat artxibotan sakabanatuta egotea edo dokumentaziorik existitu ere ez egitea, eskubide urraketak gertatu zirenetik igaro den denbora, eta kontrastatu eta egiaztatu beharreko informazioaren bolumena.  

"Oraintsu arteko isiltasun itunak ikaragarri oztopatu ditu ikerketak"

Aranzadiko ikertzaileak azaldu duenez, trantsizio garaian erabaki zuten artxiboak ixtea, eta horrela egon dira denbora askoan. "Orain dela gutxira arte isiltasun itun moduko hori egon da, eta horrek ikaragarri oztopatu ditu ikerketak; oraindik ere arazoak izaten ditugu horietako askotan gordeta dagoen informazioa kontsultatzeko. Eta horrez gain, gizarteak berak ere frankismo soziologikoa bizi izan du". Artxiboetara jotzerakoan, alde batetik legeak izan dituzte oztopo, eta bestetik, artxibozainak. "Egia da 2022an Espainiako Gobernuak onartu zuen Memoria Demokratikoaren Legeak eta EAEko eta Nafarroko legeek lan hori zertxobait erraztu digutela azken urteetan, eta lehen genituen oztopoak murriztuz doazela, baina oraindik ere nahi baino zailtasun handiagoak topatzen ditugu lanerako orduan. Artxibozainek eurek ere asko baldintza dezakete gure lana, eta bidean denetarikoak topatu ditugu". Horrez gain, nabarmendu du artxibo asko daudela eta artxibo askotara jo behar izaten dutela: tokikoetara, probintzialetara, estataletara, militarretara eta abar. 

Bolumena da Bucesek aipatu duen beste oztopoetako bat; bolumena, bi zentzutan: batetik, herritarrek era askotako eskubide urraketak jasan zituztelako frankismo garaian; eta bestetik, biktimak ezin direlako dozenaka zenbatu, milaka baizik. Biktimak milaka izanik, horiei guztiei izen-abizenak jartzea oso lan zaila dela adierazi du. Izan ere, egiten dituzten ikerlanetan ez dira mugatzen hildakoak zenbatzera. Zenbait datu nahikoa erraz eskura ditzaketen arren, beste batzuk lortzea ia ezinezkotzat jo du. "Adibidez, gerra kontseiluen bitartez zenbat lagun fusilatu zituzten jakitea eta horiek zenbatzea egiteko moduko lana izan daiteke, informazio guztia artxiboan baitago. Baina kontua da frankismo garaian mota askotako errepresioa jasan zutela herritarrek, eta beraz, informazioa sakabanatuta dagoela. Esaterako, atzerrira ihes egin behar izan zuten herritarrak zenbat izan ziren jakitea oso zaila da. Badaude iturri ofizial batzuk, eta horietara jo dezakegu, baina horiek ematen diguten informazioa ez da osoa; badakigu askoz jende gehiago ere joan zela ihesi inolako arrastorik utzi gabe". Errepresio mota batzuk dokumentatzeko informaziorik ez dagoela ziurtatu du, ez dela existitzen, ez daukatela nora jo, eta horrenbestez, horien kontaketa egitea ezinezkoa dela. "Esate baterako, emakumeen kontrako errepresioa, estigmatizazio soziala jasan zutenak, torturak jasan zituztenak... Kasu horietan eta beste hainbatetan informaziorik ez dago; hortaz, zenbaketarik ezin da egin".

"Zaila da lana bukatutzat ematea, izen berriak azaltzen direlako"

Eta esan bezala, horri gehitu behar zaio biktima kopuru handia. "Frankismo garaian errepresioa ez zuten jasan dozenaka herritarrek, milaka eta milaka lagunek baizik; izugarria da bolumena, eta horrelako lanketa batek denbora eta ahalegin ikaragarria eskatzen ditu". Horren harira, eta Urola Kostara etorrita, pare bat datu eman ditu adibide gisa: "Azpeitian, 700 bat lagun dokumentatuta ditugu, baina badakigu tropa frankista herrira sartu zen lehen egunean mila lagunek alde egin zutela; Azkoitian, berriz, 800 lagun ditugu dokumentatuta. Horien arrastoa banan-banan ateratzea eta banan-banan izen-abizenak jartzen joatea oso lan neketsua da". Izan ere, Aranzadiko ikertzaileen lana ez da 1936ko gerrako eta ondorengo urteetako pasadizoak kontatzea; topatzen duten edota esku artera iristen zaien informazio guztia kontrastatu eta egiaztatu egin behar izaten dute. 

Lehen aipatutako oztopo horiez guztiez gain, beste batzuk ere gehitu behar zaizkio ikertzaileen ohiko jardunari. "Adibidez, abizenak oso arruntak eta ohikoak diren kasuetan, izen-abizenak errepikatu egiten dira. Demagun Azkoitian Garcia Perez abizenak zituen norbaiten berri izaten dugula; bada, estatuko artxiboetara jotzen badugu, Gracia Perez abizenak zituzten milaka herritar topatuko ditugu, eta gure lana izaten da benetan guk behar dugun Garcia Perez hori zein den ikertzea eta egiaztatzea".

Webgune gehienak, itxita

Frankismoa bat eta bakarra izan zen arren, normalean bi zatitan banatuta egiten dituzte tokian tokiko ikerketak, eta horietako bakoitza garatzeko hiru urte irauten dituen proiektua jartzen dute abian herri bakoitzean. Proiektu horren barruan, tokiko artxiboak, Euskal Herriko artxiboak eta Espainiako Estatuko artxiboak kontsultatzen dituzte Aranzadiko ikertzaileek, eta horretaz gain, herriz herri aldi baterako zabaltzen dituzten bulegoetara jotzen duten herritarrekin eta beste hainbatekin elkarrizketak izaten dituzte. Ondoren, elkarrizketa horietan bildutako zenbait informazio artxiboetako datuekin kontrastatzen dute. "Beraz, bai, oso lan neketsua eta zaila da, eta kasu batzuetan behintzat ezin izaten dugu lana bukatutzat edo itxitzat eman, ehunka laguni buruzko informazioa kontrastatuta eta egiaztatuta izanda ere, edozein unetan izen berriak azaltzen direlako", azaldu du Bucesek.

"Webguneak irekitzea nahi dugu, betetzen duten funtzio sozialagatik"

Hori horrela, bildutako informazioa liburuetan argitaratu beharrean, edo liburuetan soilik utzi beharrean, herriz herri webguneak sortzea hobetsi zuten, horiek etenik gabe informazioa eguneratzen joateko aukera ematen dutelako. Baina gaur egun, itxita daude memoria historikoa berreskuratzeko ezinbesteko erreminta diren atari horietako gehienak. Urola Kostan, Azkoitikoa bakarrik dago erabilgarri (azkoitiaoroimena.eus); eta itxita daude Azpeitikoa eta Oriokoa.  

Bucesen esanetan, itxita dauden webguneak dira frankismoaren azken urteetako ikerketak jasotzen zituztenak, alegia, euskal gatazkaren biktimen inguruko informazioa ere biltzen zutenak; beraz, ikerketa lan osoena zutenak. 2020tik daude horrela. "Udalek itxi zituzten, guk hala eskatuta, sekulako presioa jasaten ari ginelako zenbait hedabideren, alderdiren, ETAren biktimen eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik". Zehaztu du webguneak udalen jabetzakoak direla eta Aranzadik kudeatu egiten zituela. 

Bucesen hitzetan, "frustragarria" da webguneak itxita izatea, horietan biltzen direlako eurek egindako ikerketa lanen emaitza guztiak. "Webgune horietan agertzen da lokalizatutako eta identifikatutako biktima guztien inguruko informazioa. Azaltzen dira biktimen izen-abizenak, baita errepresio motaren araberako sailkapena egiteko erabili ditugun frogaren elementuak ere, digitalizatuta". Informazio horrek guztiak herritarren eskura egon beharko lukeela uste du, edonork kontsultatzeko moduan. "Itxaropena ez dugu galtzen, eta nahi eta espero duguna da lehenago edo beranduago webguneak zabaldu ahal izatea, batez ere funtzio sozial oso inportantea betetzen dutelako". 

Zenbaki batzuk

1.300. Abiazio frankistak hildakoak.
Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen arabera, 1936ko gerran eta gerraosteko urteetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.300 herritar baino gehiago hil zituen abiazio frankistak. Guztira hildakoak, ordea, askoz gehiago izan ziren.

2.030. Fusilatuak.
Iturri beraren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2.030 lagun fusilatu zituzten: horietatik 900 lagun, heriotza zigorrera kondenatu ondoren; beste 1.130 lagunak, epaiketarik egin gabe.

2.300. Espetxean hildakoak.
Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen datuen arabera, 1936ko gerran eta gerraosteko urteetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 20.000 herritar baino gehiago egon ziren espetxeratuta, eta ia 2.300 lagun hil ziren espetxean preso zeudela.

120.000. Frantziara ihes egindakoak.
Jaurlaritzaren arabera, 36ko gerran eta gerraosteko urteetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 120.000 herritarrek ihes egin zuten Frantziara. Aranzadiko ikertzaileen esanetan, beste asko arrastorik utzi gabe joan ziren. 

3. Webgune.
Azpeitiko, Azkoitiko eta Orioko udalek, Aranzadirekin elkarlanean, webgune bana jarri zuten martxan 1936ko gerran eta frankismo garaian izandako eskubide urraketak biltzeko, baina egun Azkoitikoa bakarrik dago martxan: azkoitiaoroimena.eus.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide