Probetxu handia atera diote Anaitasuna futbol taldeko gizon-emakumeen taldeek asteburuari. Emakumeek 5-0 irabazi zioten zapatu arratsaldean Sestao River taldeari, Txerloian, eta gizonek, 0-1 irabazi zuten Oiartzunen (Gipuzkoa).
Emakumeen taldeak aurkari zuzen baten aurkako partida jokatu zuen, eta gorritxoek ez zuten hutsik egin. Oso ondo ekin zioten lehiari, eta laster hartu zuen aurrea. Kalare Olaizolak eskuin hegalean bizkarra irabazi zien Sestaoko (Bizkaia) atzelariei, eta hark baloia abiadura bizian eraman zuen erdiraketa egitera iritsi zen arte; zelaiaren beste aldean zegoen Aretha Azkuek jaso zuen baloia Olaizolak erdiratuta, eta Azkuek ez zuen hutsik egin atearen aurrean.
Gerora ere abagune bat baino gehiago sortu zituen Anaitasunak, baina lehiaren ordu erdira iritsi arte ez zuen lortu bigarrena egiterik. June Diazek baloia kornerretik erdiratuta, Sestaokoek urrundu zuten baloia, baina ez behar bezala; izan ere, Maria Juaristik jaso zuen baloia aldaratzea, eta hark ezkerrez sareetara bidali zuen baloia zutoinak lagunduta.
Jokoaren jabetza Orueren taldekideena zen, eta baloia ondo mugituz jardun zuten lehen zatian. Atsedenaldira iritsi aurretik, gainera, festa borobiltzeko gai izan zen Anaitasuna. Jokaldi aparta josiz, beste behin Sestaokoen bizkarrera jokatu zuten gorritxoek, eta Juaristik, atezaina aurreratuta zegoela ikusita, haren gainetik egin zuen jaurtiketa taldearentzat hirugarren gola egiteko.
Aldageletatik bueltan, joan-etorrian ibili ziren bi taldeak Txerloiko berdegunean. Dena den, Anaitasunak orduan ere aurkitu zuen bisitarien lerroetan zuloa, Olaizolak egin baitzuen laugarrena 54. minutuan. Emaitza hori ikusita, aulkia mugitu zuen Orue entrenatzaileak, eta zelairatu berriak ziren Leire Uzin eta Ane Arrizabalaga izan ziren bosgarren golean protagonistak; Uzinek erdiratuta, Arrizabalagak egin zuen gorritxoen bosgarren gola. Lehia amaitzeko ordu laurden eskas falta zela, gainera, Oruek Inge Larrañaga kadeteari eman zizkion minutuak; hura aurrenekoz aritu zen Euskal Ligan.
Ongi landutako garaipena lortu zuen Anaitasunak. Datorren asteburuan, bide horri eustea izango dute xede gorritxoek; Añorgako (Gipuzkoa) Rezola zelaian jokatuko dute haiek. Anaitasunak baino lau puntu gutxiago ditu egun Añorgak.
Garaipena azken unean
Gizonen taldeak, bestalde, lehiaren azken hatsean lortu zuen garaipenaren gola. Oiartzungo Karla Lekuona zelaian aritu ziren gorritxoak, eta zinez garaipen garrantzitsua lortu zuen, Jakes Diazek luzapenean egindako golari esker.
Partidaren hasieran zein talde nori gailenduko lehia ikusi ahal izan zuten zaleek. Asmo garbiekin atera ziren bi taldeak berdegunera, ohikoa duten izaerarekin, baina gorritxoek egindako huts batzuk tarteko, Oiartzungoek abagune garbiak izan zituzten aurrea hartzeko; bi edo hiru aukera garbi izan zituzten etxekoek gola egiteko, tartean, baloia zutoinera bidalitako bat. Atsedenaldira aurretik joateko merituak egin zituzten etxekoek, baina Anaitasunako Alain Sudupe atezainaren lan onak ezerezean utzi zituen haien ahalegin guztiak.
Gorritxoek zabaletik zabalerako jokoan sakondu nahi izan zuten lehen zatian, hegaletik hegalerakoan, baina plana ez zitzaien nahi bezala atera, eta bigarren zatian asmoak berrituta zelairatu ziren. Zuzenago jokatzen hasi zen Anaitasuna, eta jokamolde horri etekin handiagoa atera zion taldeak; aurkariaren zelaian denbora gehiago igarotzeko moduan izan ziren hala Barbadorenak. Lehiak orekatzera egin zuen, eta bi aldeetan izan ziren gol aukerak. Gorritxoena Aritz Albizuriren saiakera izan zen, baina etxekoen atezainak geldiketa ona egin zion hari. Beste aldean, Sudupek ere maila onean jarraitu zuen etxekoen jaurtiketa guztiak oztopatuz.
Puntua ona zela zirudienean, ordea, Anaitasunak garaipena lortzeko gola egin zuen 90. minutuan. Albizurik etxekoek atzeko lerroan egindako hutsa aprobetxatu zuen haiei aurrea hartzeko eta Jakes Diazi pasea egiteko. Diazek, berriz, ate aurrean baloia sareetara bidali zuen. Deban (Gipuzkoa) egin bezala, Oiartzunen ere Anaitasunari garaipena emateko gola egin zuen Diazek. Azken minutuetan ondo eutsi zion Anaitasunak Oiartzuni, eta garaipena ziurtatu zuten.
Sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira orain gorritxoak, baina oraindik urrundu dute Real Union B sailkapeneko liderra; Anaitasunak hamazazpi puntu ditu, eta 24 ditu Irungo (Gipuzkoa) taldeak. Datorren asteburuan, Urkiren aurka jokatuko dute Barbadorenek, Txerloian.