Felipe Juaristi idazleak (Azkoitia, 1957) Idia mihian saiakera liburua aurkeztu du gaur Balea Zuria argitaletxearen eskutik, Donostiako Udal Liburutegian egin duen agerraldian. Literatura eta bizitza bera uztartzen dituen saiakera ondu du idazleak azken lanean, bere irakurketetatik eta bizi esperientziatik onduta. Ohikoan den moduan, galdera eta zalantza sakonak zein unibertsalak poesiaren presentzia handiarekin jorratu ditu hark lanean, eta presente du, esaterako, zoriontasunaren gaia. Zoriontasuna zer den hitzean eta hortzean, "oso pozik" agertu da idazlea liburuaren esku artean.
Juaristik aurkezpenean azaldu duenez, idazle bakoitzak ez du gai bakarra bat jorratzen, baina beti izaten da bat nabarmentzen dena. Autoreak sinetsi nahi du "samurtasuna" dela berea: "Nire mundua inguratzen duen atmosfera da, iluntasunetik argitasunera doana. Ez dut esango samurtasun garaia bizi dugunik, munduaren bilakaera zein den ikusita". Nietzsche filosofoa aipatuz, azaldu du "gaur egungo basakeria" giza ezaugarria dela; "ulergarria" izanagatik, ez justifikatua, ordea: "Babesgabea zapaltzen da, gorrotoa erosten da maitasunaren ordez. Ontasuna arbuiatzen da. Dena da ni, eta gero ere ni". Dena den, idazlearentzat samurtasuna "gizartearen eredu bihurtzen da" hark zerbaiten bukaera gertu ikusten duenean.
Gizakiaren lehengo eta oraingo kezkak plazaratuz eta berezkoa duen prosa poetikoz hornituta, egile askoren arteko elkarrizketa "bizia" lortu du Juaristik liburua garatzeko. Askotariko pertsonaia historikoak aipatzen ditu idazleak liburuak; Simone de Beauvoir filosofoa, kasu. Eta idazleak adierazi duenez, egile horiek guztiek zerbait dute komunean: "Etika lemazain dute". Bide horretan, moralaren eta etikaren kontzeptuetan sakontzeko beharra azpimarratu du hark, jakitun bata eta bestea ez direla gauza berbera: "Etika unibertsala ez den heinean, morala bai", borobildu du.
Irakurleek erreferentzia bat izan dezaten, liburuan bildu dituen egileen inguruko testurik zaharrena duela 40 urtekoa dela jakinarazi du Juaristik; Miles Davis musikariari dagokiona, hain zuzen. Aurkeztu berri duen Idia mihian saiakera liburua, hain zuzen, "hainbat urtetako lana" izan dela azpimarratu du hark, eta horretarako, liburu ugari irakurri dituela; 200dik gora, hain zuzen. Ildo horretan, errealitateari buruzko interpretazioa egin du hark, eta adierazi du tesi moduan aurkez zezakeela lana, baina forma literarioa ematea hobetsi du bere tesia garatzeko. "Ez da fikzioaren arloan sartzen den saiakera, baina bai literaturaren arloan sartzen dena".
"Zaratatik urrun"
Editorearen iritziz, bestalde, Idia mihian liburuaren bidez "liburu oso indartsua" utziko du Juaristik bere ibilbidean. Bere azken liburuetan "are gehiago" nabari daitekeen moduan, "tonu lasaia, isila," gailentzen da kaleratu berri duen lanean ere, eta "gogoetaz betetako" testuan, zoriontasunaren gaia du hark jorratzeko gai. "Zoriontasuna ez da azaltzen formula baten bidez lor daitekeen zerbait bezala, Juaristirentzat oso kontzeptu filosofikoa da zoriontasuna. Ez da irabazten edo bidean aurkitzen den zerbait, ezta etengabeko bilaketa baten emaitza ere. Norberaren arnasa bezalakoa da. Entzun egin behar da, isiltasunaren bidez".
"Zaratatik urrun", hain zuzen, Juaristik "isiltasunean" entzuten du "bizitzaren dogma", argitaletxearen hitzetan. "Bere ustez, norbere buruari entzuten denok jakin behar dugu isiltasuna onartzerakoan", esan du. Ahaidetasunaren ikuspegia ere presente du autoreak beste behin, eta sinbolismoz betetako liburuan, honako ondorio hau atera daitekeela azaldu du editoreak: "Idazleak ez du proposatzen zoriontasunarekin mundua aldatzea, baina bai beste begirada batekin begiratzea".
Felipe Juaristik (Azkoitia, 1957) duela 35 urte argitaratu zuen lehen poesia liburua: Denbora, nostalgia. Liburu horrekin poesiaren ibilbideari ekin zion azkoitiarrak, eta argitaletxearen esanetan, baita poesiari buruzko "gogoetaldiari" ere. "Poesia, poema, poeta. Bakoitza zer den jakitea kontu zaila da. Poetarik gabe poesia egon daiteke, poemarik gabe nekez". Bi urtera kaleratu zuen Hiriaren Melankolia poesia liburua, eta bi liburu horiei esker, idazleak Espainiako Kritika Saria bitan jaso zuen euskarazko poesiaren arloan. Batez ere poesiaren arloan egin du bidea hark, eta poesia liburu ugari kaleratu ditu azken hamarkadetan, baina narrazioa ere landu du, besteak beste, Bordelera (1996) eta Inazio Muniberen abenturak (2001) liburuekin. Haur eta gazteentzako egindako lanen zerrenda ere luzea da: Tristuraren Teoria (1993), Ilargi-lapurra (1993), Sagitario (1995), Eguzkiren Etxea (1998), Laura eta Itsasoa (1998), Animalien inauteria (1999). Azken horrekin Euskadi Saria irabazi zuen.