Nolakoa izan zen Loratzen sortzeko prozesua?
Kasualitatez hasi zen dena. Azken zazpi urteetan Azkoitiko beste zentro batean egin dut lan, eta oso gustura egon naiz, baina beste batentzat lan egitean ordutegi zehatz bat bete behar duzu, ordu asko sartu behar izaten dituzu, eta hori aldatzeko eta nire bizi kalitatea hobetzeko asmoa beti izan dut buruan. Ideia hori garatzea atzeratzen joan naiz, baina ordua hartzea erabaki nuen Iraurgi Berritzen garapen agentzian, eta prozesua nolakoa zen azaldu zidaten. Egin beharreko lehenbiziko gauza lokala bilatzea zela esan zidaten.
Ideia zehaztuta al zenuen ordurako?
Ez, neure kontsulta zabaltzea irudikatzen nuen, fisioterapia eta osteopatia zerbitzuak eskaintzea, eta orain pediatrian espezializatzen ari naizenez, gehigarri hori ere eskaintzeko asmoa nuen, baina azken emaitza oso bestelako proiektua izan da. Prozesuak bere garrantzia izan du horretan. Izan ere, Iraurgi Berritzenetik irten nintzen, eta Loratzenen ondoan dagoen Naiara Aizpurua nutrizio zentrora joan nintzen, eta kasualitatez edo kausalitatez, esan zidan ondoko lokalaren jabeak negozioa eskualdatu egin nahi zuela. Hala, harekin hitz egin nuen, lokala ikusi, eta nire asmoa guztiz betetzen ez zuen arren, asko motibatu nintzen. Esku artean ikusi nuen aukera.
Eta nola joan da aukera hori garatzen Loratzen bihurtu arte?
Martxoan hasi nintzen neure kontsulta propioak egiten lokal berriko gela bat alokatuta. Beste gela batean logopedia zerbitzua eskaintzen zuen Irati ezagutu nuen, eta hor hasi zen Loratzen proiektua sortzen. Hainbat diziplina zentro batean nola uztar genitzakeen hitz egiten hasi ginen. Izan ere, logopedia arlo ezezaguna zen niretzat; azken urteotan ahoa tratatzea egokitu zait pediatrian edoskitze edota oklusio arazoak dituzten umeekin, eta kasu horietan, dentistarekin ez ezik, logopedarekin ere harremanak izan ditut. Irati ezagutu nuenean hasi zen talde bat sortzeko ideia. Lokalean obra egitea erabaki genuen, eta harrezkero, beste profesional batzuk ere hasi dira hemen zerbitzua eskaintzen. Prozesua bera izan da loratzen lagundu diguna; piezak poliki-poliki egokitzen joan dira, eta orain da momentua non arlo desberdinetako lau profesional gauden, elkar laguntzen dugunak. Herritarrei zerbitzua eskaintzerakoan oso garrantzitsua iruditzen zait Loratzenen dugun ikuspegi aniztasuna: emozionala nahiz fisikoa, eta batek nola eragin dezakeen bestearengan.

Zer zerbitzu eskaintzen dituzue Loratzen zentroan?
Gaur egun, logopedia, osteopatia eta fisioterapia, biomagnetismoa eta psikologia zerbitzuak eskaintzen ditugu. Edozein zalantza edo galdera duenak loratzen.oz@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezake, 623 16 68 17 telefono zenbakira deitu edo www.loratzen.eus webgunera sartu.
Beldurrik edo oztoporik izan al duzu orain arteko prozesuan?
Loratzenekin hasi aurreko prozesua ixtea izan da zailtasun handiena. Ez zen izan espero nuena. Hala ere, oso eskertuta nago, eta asko ikasi nuen. Gainera, zerbait finkoa duzunean, lanean batik bat, ez da erraza izaten uztea.
Martxoan hasi zinen Loratzenen zerbitzua ematen. Zer balorazio egiten duzu orain arteko bideaz?
Lehen kontsultak martxoan eskaini nituen arren, Loratzen talde gisa irailean hasi ginen, eta orain arte dena positiboa izan dela esango nuke. Lantalde oso ona osatu dugu, eta proiektua bera oraindik sortzen ari gara, pazientziarekin. Alde ekonomikoa estalita duzunean, beste dena lasaiago hartzen duzu.
Zer berezitasun du Loratzen zentroak?
Zentroko lau profesionalen arteko komunikazioaz gain, osasunarekiko dugun ikuspegiak bereizten gaituela esango nuke. Gure arteko komunikazioaz gain, osasun arloko gainontzeko profesionalekin dugun harremanak desberdintzen gaitu, jakitun baikara horrek duen garrantziaz. Erantzunik ez badugu, gainontzeko dentistengana edo medikuengana jotzen dugu, eta badakigu pazientea haiengana bideratzen. Pertsona osotasunean artatzen dugu.
"Herritarrei zerbitzua eskaintzerakoan oso garrantzitsua iruditzen zait Loratzenen dugun ikuspegi aniztasuna: emozionala nahiz fisikoa, eta batek nola eragin dezakeen bestearengan"
Zeintzuk dira norberarentzat lan egitearen alde onak eta txarrak?
Alde ona da denbora neuk kudeatzen dudala; txarra, aldiz, bezerorik edo pazienterik ez izanez gero, sortzen zaizun ziurgabetasuna. Era berean, aurpegia eman beharra gaizki eramaten dut: lana egiten badakit, baina neure burua saltzen ez. Zortez, laguntzeko prest dauden pertsonak topatu ditugu bidean.
Zein aholku emango zenioke enpresa sortzera doan pertsona bati?
Konfiantza izateko esango nioke. Ate bat ixten denean, beste aukera batzuk sortzen dira. Nik hasieran nuen ideia eta azkenean martxan jarri dudan proiektua oso desberdinak dira, aukerak sortzen joan dira direlako bidean. Dena ez da txarra izan prozesu horretan.
Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?
Orain sortzen hasi garen proiektua, Loratzen, zabaltzen joatea nahiko nuke. Adibidez, osteopata naiz, pediatrian espezializatzen ari naiz, eta gustatuko litzaidake haurrekin lan egitea, logopedia zerbitzuarekin batera eta alde emozionalean izan ditzaketen eraginak kontuan hartuta. Arazoak dituzten umeak zentro bakarrean artatu ahal izatea izango litzateke helburua. Oinarria jarri dugu, itxura ona du, eta ea herritarrek gauza bera ikus dezaketen gugan.
Negozio ideia bat baldin baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia. ![]()