Sanandresetako helduen danborrada zuzenean eskainiko du Gukak

Erredakzioa 2025eko azaroaren 21a

Danbor jotzaileak, plazako egonaldian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Azkoitia Gukaren nahiz Gukaren webguneetan eta Guka telebistan jarraitu ahal izango da bihar danborrada, 23:30 ingurtik aurrera. Saioaren aurreneko minutuetan, danborradaren hasierako irudiak eskainiko ditu telebistak, eta gero, zuzeneko irudiak.

Bihar, zapatua, egingo dute Azkoitian sanandresetako helduen danborrada, eta Gukak zuzenean eskainiko du jaia. Gukaren biharko saioa 23:30 inguruan hasiko da. Hasieran, danbor jotzaileek plazan egingo duten aurreneko geldiuneko irudiak eskainiko ditu telebistak, eta gero, konpainiak herriko plazara iristen hastearekin batera, zuzenean eskainiko ditu plazako irudiak. Ekitaldia Azkoitia Gukaren nahiz Gukaren webguneetan eta Guka telebistan ikusi ahal izango da.

22:00etan hasiko da danborrada Baztarrikaldetik, eta danborradako hamahiru taldeak Alde Zaharrean barrena ibiliko dira. Desfilean, Baleo, Gazteak, Hau da hau eta Xoxote abestiak joko dituzte danbor jotzaileek. Aingeru kalea nahiz Kale Nagusia zeharkatuta, herriko plazan egingo dute hamahiru konpainiek aurreneko geldialdia. Azkoitiko Musika Bandaren laguntzarekin, aurreneko piezak eskainiko dituzte han: San Martin martxaDiana, Idiarena eta Tambores-Tatiago.

Plazan jo beharrekoak jota, Balda plazara abiatuko dira segidan konpainiak, han egingo baitute eguneko bigarren geldialdia; Umore Ona, Azkoitia eta Debako martxa abestiak eskainiko dituzte han. Julio Urkixo kalean etenaldi txiki bat izango dute gero danbor jotzaileek, eta han San Sebastian martxa joko dute. Dena den, gauerdirako plazara itzuliko dira konpainiak. Zazpi bat abesti joko dituzte udaletxearen aurrean: Azkoitia, San Sebastian martxa, Idiarena, Debako martxa, Umore Ona, Xoxote, San Martin martxa eta Tambores-Tatiago. Hain justu, Azkoitia abestiarekin altxatuko dute herriko bandera udaletxeko balkoian.

Ibilbidea, zalantzan

Asko dira egunotan eguraldi iragarpenari begira ari direnak; izan ere, euri, elur eta hotz kontuak bolo-bolo dabiltzan egunotan, zenbait herritar kezkatu ere kezkatu dira danbor festa zapuztuko ote zaien. Eguraldiaren gorabeherek sarritan eragin izan dute Azkoitiko helduen danborradaren ibilbidean, eta bihar ere ez dute jakinaraziko azken ordura arte danborradak ibilbide luzea edo motza izango duen.

Talde guztietako zuzendariak 21:30ean elkartuko dira Gurea frontoian ibilbidea erabakitzeko. Ibilbide motza egitea erabakitzen badute, danborrada ez da plazan geldituko lehen igaroaldian, eta aurreikusi baino 20-30 minutu lehenago iritsiko da amaieran plazara. Aldiz, luzearen aldeko hautua egiten badute, ohiko geldialdi guztiak egingo dituzte, eta gauerdirako elkartuko dira denak udaletxe aurrean.

Ibilbide motza egitea erabakitzen badute, Gukaren telebista saioa 23:10ean hasiko da, 23:30ean hasi beharrean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide